kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza / Mikel Hernandez Abaitua / EHU, 2008

Nouveaux interprétations Beñat Sarasola / Berria, 2009-06-14

2008ko abenduan aurkeztu zuen Mikel Hernandez Abaituak Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza (Egunero hasten delako, Ehun metro, Ene Jesus) gai zuen tesia. Hilabete batzuen buruan, testua apur bat atondu eta EHUko Euskal Literatura sailean publikatu da liburu gisara, Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza izenburupean. Testua, honenbestez, unibertsitate mailako eta euskal literaturako ikertzaile espezializatu samarrei zuzendua dago batik bat, baina konbentzituta nago, liburuko zenbait pasarte bederen, literatur teoriaren gainean aurreiritzi gehiegi ez dituen edozein irakurle kuriosorentzat interesgarri izan daitekeela. Liburua hiru zatitan bereiz daiteke: batetik sarrera modukoa dugu, non literatur teoriako zenbait kontzepturi (1go atala) eta Nouveau Roman “mugimenduari” (2. atala) buruzko azalpenak ematen baitira; bigarrenik, Saizarbitoriaren lehen etapa hori osatzen duten liburu bakoitzaren azterketa xehea dugu (3., 4. eta 5. atalak), zeina nagusiki (baina ez bakarrik) ikuspuntu narratologikotik (testuaren berezko egitura eta elementuen azterketatik) egiten baita; azkenik, lanaren ondorioak aurkezten zaizkigu (6. atala), aztergaiaren interpretazio orokorragoa emanez.

Ikerketa lan on gehienak bezalaxe, hau ere aztergaiari buruzko topiko eta betiko leloak auzitan ipintzera dator, ikerlan sakon bati esker ikusmolde berri bat proposatuz. Ezagun denez, Saizarbitoriaren lehen liburu hauen gainean onartua zegoen ideia nagusietakoa zen Nouveau Roman-en itzalpean idatzitakoak zirela, eta Hernandez Abaituak ustezko itzal luze hau ezeztatzen du, batetik literatur mugimendu frantsesa aztertuz —horretarako metodo deduktiboa defendatuz—, eta bigarrenik, hiru nobelen analisiekin erkatuz. Hala, Egunero hasten delako eta Ehun metro Nouveau Roman aurreko nobelatzat jotzen ditu gehiago, nobela modernistatzat, besteak beste, adierazleak (historiak) duen garrantziagatik —lehenengoan abortuaren ingurukoak, bigarrenean euskal gatazkak—. Ene Jesus da, honenbestez, Nouveau Roman-era gehien hurbiltzen den eleberria, nahiz eta Hernandez Abaituak azpimarratzen duen bertako analisi psikologikoak, eta ondorioz pertsonaiek duten pisuak, literatur mugimendu horretatik pixka bata aldentzen dutela. Idazleak berak hainbatetan esandakoaren ildotik, Saizarbitoriaren ibilbidea nobela existentzialetatik Nouveau Roman-erainoko bidaia gisa irudikatu daitekeela aipatzen du ikerlariak, eta nobela existentzialetarako gustu zahar horretan aurkitu litekeela agian hiru nobela hauek —eta batez ere lehen biak— Nouveau Roman puruak ez izatea.

Nago ikerketaren dohain aipagarrienak autoreak erakutsi duen ausardia eta zorroztasuna direla. Hala intentio auctorisa (idazlearen iritzia) nola intentio lectoris nagusia (orain arteko kritikoen ikusmoldea) ezeztatzen ditu neurri handi batean, argudio eta analisi makinaria indartsuaz. Hiru nobela hauen ondorengo idazle donostiarraren ibilbidearen azterketa geratzen da orain egiteko, zeina autorearen inguruko kontu zehatzengatik interesgarria izateaz gain, mendebaldeko eleberrigintzaren norabidearen inguruan gogoeta egiteko parada ederra izan daitekeela sinetsita bainago. Hor daukate ikerlari berriek, hortaz, amu bikain bat.

Saizarbitoriak berak aitortu zuen tesia aurkeztu berritan ohore bat zela beretzat lan hau burutu izana. Orain badakigu kortesiazko hitzak baino gehiago zirela horiek; izan ere, nahiko luke idazle batek baino gehiagok Hernandez Abaituaren gisako ikerlari aske, zorrotz eta sakona eduki.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak