kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Haur besoetakoa / Jon Mirande / Lur, 1970

Miranderen alegoria? Gorka Bereziartua / Argia, 2009-06-07

Ez zait konparazioa interesatzen, baina sarri alderatu izan da Jon Miranderen Haur besoetakoa Vladimir Nabokoven Lolitarekin. Bada nahiko motibo, azaletik begiratuta: bietan pedofilia kasu baten bueltan egituratzen da istorioa, eta garai bertsuan idatzi ziren (1959koa duzu Miranderena, 1955ekoa Nabokovena), nahiz eta Haur besoetakoak tiradera batean lo egin urte askoan, 1970ean Lur-ek argitara eman arte. Baina esan dudan bezala, ez zait konparazio hori interesatzen. Eta orduan —galdetuko duzu, irakurle— zergatik hasi erreseina hori aitatuz? Lolitaz idatzi diren komentario ugarien artean badelako bat, Fredric Jameson-ek A singular modernityn egina, oso baliagarria zaidana Miranderen nobela honetaz hitz egiteko —ados, azkenean esan daiteke konparazioa interesatzen zitzaidala, baina beste modu batera—.

Lolitan agertzen zaigun sedukzioa, Jamesonen esanetan, alegoria bat da: AEBetako masa-kultura nerabe eta oihesak Europa zaharra (kultuegia, munduaz nazkatua) seduzitzen du. Eta galdera da: interpretazio hori Lolitarentzat ona bada, ez al ginateke saiatu behar Haur besoetakoari beste irakurri bat ematen, pedofilia kontuak bigarren planoan utziz? Azalean bistakoa baita narratzailearen gaixotasun mentala, nabarmena haren misoginia, baitezpadakoa haren ezin bizia. Baina hori baino gehiago ere badagoela iruditzen zait.

Eta bai, idatzi zen garaiarengatik, egon liteke alegoria bat Haur besoetakoako narratzaileak Theresa txikia bereganatzeko nahiaren atzean: Euskal Herri abertzale tradizionalak mundu modernoan bestelako irteera ideologiko bat bilatzeko desioa, hain zuzen ere. Ez ahaztu: aitabitxia familia aristokratiko bateko seme da, baina familiaren egunik loriosenak ugertu ziren aspaldi —euskal abertzaletasunarenak bezala, 1950eko hamarkadan—; hala ere, kanpotik datorrena baztertzen du —otseina, emaztegaia—, eta etxeko txikian bilatzen du ezinezko zoriona. Ez al du protagonistaren jarrera horrek ederki islatzen Mirandek ideologikoki bere garaiari eman zion erantzuna? Abertzaletasun kristau flakoa baztertuta —familia aristokratikoa, moraltasuna—, nazionalismo pagano energikoago, gazteago —haurra— baten alde egin zuen. Horrek, ostrazismora eta heriotzara eramaten du narratzailea; ostrazismoa eta heriotza izan ziren idazle zuberotarraren patua ere.

Nire harridura adieraztea baino ez zait geratzen bukatu aurretik: liburu honek, XX. mendeko euskal literaturaren mugarrietako bat, 50 urte bete ditu aurten. Badirudi ordea, nobelak ez duela deus balio, inon ez baitut ikusi jardunaldirik, ekitaldi ofizialik edo irakurketa publikorik efemeridea gogora ekartzeko.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak