kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Apokalipsia guztioi erakutsia / Joseba Gabilondo / Erein, 2009

Hondamendiaren atarian Mikel Ayerbe / Berria, 2009-05-24

Handinahikeriaz ziurrenik, baina behin esan nuen gustuko ditudala kritikatzeko zailak diren liburuak, zer pentsatu asko ematen dutelako, eta, normalean, iritzi kontrajarriak biltzen direlako liburu bakar horren inguruan. Eta ezer baino lehen, Joseba Gabilondok kaleratu berri duen Apokalipsia guztioi erakutsia ipuin bildumarekin horrelako zerbait gertatu zaidala aitortu behar dut. Hau da, liburua amaitu ondoren iritzi sendo iradokitzaile bat emateko ezgauza sentitzen naizela.

Zortzi narrazio biltzen dira liburuan, zein baino zein bitxiago. Iparraldeko hutsegite neolitikoa izenburudun aurreneko ipuinean, egun Euskal Herria izenarekin ezagutzen dugun eremura eginiko aurreneko euskal biztanleen migrazioa kontatzen da. Baita leinuko Ama zaharraren heriotzako azken uneak ere, zeinetan 80 pulgadako pantaila batean tribuaren etorkizuna ikusi ahal izango duen. Bestalde, narrazio hau liburuan etorriko denaren inguruko testu profetiko edo iragarlea ere bada; ondorengo ipuinetan jorratuko diren hainbat elementu ipuin honetan aurreratzen baitira. Aldiz, liburuari izenburua eman eta, era berean, liburua ixten duen Apokalipsia guztioi erakutsia narrazioa 2050. urtean kokatzen da, Euskal Herriak mirakulu esperpentiko bati esker independentzia lortzen duenean, hain zuzen. Eta tartean, mota guztietako pertsonaiak, gertaerak eta erreferentziak bata bestearen ondoan jasotzen dituzten sei narrazio: Lope de Agirreren berraragitze gisa agertzen den ETAkidearen kontakizuna; Shakespeare bizkaitarraren kasua; nazioarteko yakuza gisa amaitzen duen gudari iheslariaren ipuina; Angelina Jolieren antza duen banpiroak musukatzen duen emakumearen gertakizuna; Londresen hiesak hil aurretik hildako familiakideen agerraldia izaten duen euskaldunaren istorioa; eta azkenik, berriro ere banpiroek berebiziko garrantzia duten narrazioa.

Narrazioak hala nola laburtzea zail gertatzen bada, are zailagoa da elkarren artean dituzten loturak zehaztea, nolabaiteko literatur anabasa apokaliptikoarekin irakurlea gehiago korapilatuz. Izan ere, Gabilondo literatur aditu eta kritikariaren ibilbidea apur bat behintzat jarraitzeko zortea izan dugunok ez gaituzte harrituko, besteak beste, liburuko kontamoldearen konplexutasunak, pertsonaia ia guztiek duten sexu joera bitxiak edota politikaren inguruan egiten diren zenbait gogoeta kaotikok.

Gainera, aipatu behar Apokalipsia guztioi erakutsia ipuin-liburu honetako lau narrazio aurrez irakurgai zeudela sarean (eta falta diren beste lau ipuinen izenburuak ere bai), 24 ipuinek osatu behar zuten proiektu baten baitan. Orain liburu formatuan gutxi asko moldatuta eskaini ditu Gabilondok (kritika genetikoa edota literatur sorkuntzaren prozesua testu aldaeren bidez aztertzea gogoko dugunon zorionerako), nonbait trilogia baten aurreneko ale gisa, liburu kontzeptual gisa aurkeztuta, ipuinak oinarri izan arren, halako batasun bat lortzeko asmoz.

Bestalde, nahiz eta horrelako iritziak eman zalea ez izan, erabiltzen den euskararen inguruan ohar bat egitera ere ausartzen naiz. Egileak berak liburuaren aurkezpen egunean “euskara zikinago, sasikoago” baten aldeko apustua egin duela aitortu arren, hainbat hizkuntza ereduren hautuan bestelako hankasartze batzuk ere nabariak direlako.

Edozelan ere, ipuin guztiekin ez dut bete-betean konektatu, baina interesik galtzera ere ez naiz iritsi. Liburua gustatu zaidan galdetu didatenei “ez dakit” erantzun diet, baina badakit aurkako iritzirik ere ez didala sortu. Irakurritakoaren gainean zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta nahasiagoak dira nire ondorioak. Eta errazkerien garai hauetan, hori lortzea ere ez da gutxi.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak