kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ez obeditu inori / Mikel Peruarena / Susa, 2009

Donostiako Sotero Beñat Sarasola / Berria, 2009-05-03

Liburu liluragarria da Ez obeditu inori. Ez bakarrik XX. mende hasierako Donostia gure artera ekartzen digulako, benetan hori guztia bizitako norbaitek kontatuko baligu bezala; ez bakarrik istorioak dituen ertz ugariengatik; ez bakarrik herri kultura eta goi kultura maisuki uztartzen direlako; ez bakarrik bere egitura harrigarriagatik; ez bakarrik bere idazkera bizi eta txundigarriagatik. Ez bakarrik horregatik guztiagatik. Liburu on guztiekin bezalaxe, berau irakurtzea da ez bakarrik horretan zer dagoen ohartzeko modu bakarra. Haatik, jarraian zer edo zer idaztea egokitzen zaidanez, saiatuko naiz zirriborratzen niri zer egin zaidan horren liluragarri.

Gerra Zibila eta frankismoaren inguruan ez dakit ongi edo gaizki idatzi den, hala literaturan nola historiografian, baina nahiko nabaria da idatzi idatzi dela. Euskal literaturara eta azken urteetara lerratzen badugu soilik gure begirada, liburu franko topatuko ditugu garai haietan kokatzen direnak. Gutxi asko idatzi da orobat Karlistadez eta Nafarroako Erresumako garaiei (nola ez!) buruz. Inpresioa dut, ostera, Espainiako II. Errepublika aurreko garaia itzal handi batek estaltzen duela, nahiz eta Espainia eta Euskal Herriaren XX. mendeko ondorengoko nondik norakoak ulertzeko klabeetako asko han egon, seguruenik. Mikel Peruarenak XIX. mendeko hondarreko eta XX. mendearen hastapenetako Donostiara garamatza Sotero Mujika izeneko bertsolari mainguaren ahotik. Kubako Gerra hondoan, Sotero, Estudiantea (Alberto) eta Frantsesa (Emile-Emilio) elkar ezagutu eta han-hemenka elkartzen hasten dira: Ramiroren taberna zuloan gehienetan, Donostia inguruko zokoren batean gainontzekoetan. Frantsesarekin poemak eta Soteroren bertso paperak itzultzen hasi eta boterearen kontrako ekintzaren bat antolatzen amaitzen dute, Angiolillo gogoan. Ez da zurikeriarik batere gainera; esate baterako, hor ikusiko dugu jende aldra Espainiaren alde eta kubatarren kontra bertsoka, Cadizeko Martxa lagun.

Kostata baina Soteroren herri kulturak (bertsolaritza) eta Frantsesaren goi kulturak (poesia) hala nola egiten dute aurrera esku emanda: Frantsesarengatik ez da kontakizuna geratzen elizkeria eta txokokerian, Soterorengatik ez da kontakizun arrunta, garaia oso begirada berezitik —periferikotik, esango genuke apur bat dotore jarrita— kontatzen delarik. Egitura ere ez du arrunta, arestian aipatu bezala. Istorioa zatikatuta dator, atzera-aurrera eginez, gauzak behin baino gehiagotan kontatuz, halako ukitu faulknerrianoarekin. Idazkeraz beste horrenbeste esan daiteke, dena dauka euskarazko prosa ikastolero ohikotik aparte, bertsolari bati eska diezaiokegun hizkera bizi eta argiarekin.

Louis-Ferdinand Celine hartzen da XX. mendean nobela pikaresko klasikoaren berritzaile nagusitzat. Inoren erruki eta laguntzarik jaso gabe beren burua aurrera ateratzen duten pertsonaiak izaten dira nobela hauetako protagonistak, hamaika kalamitate igarotakoak eta bizitzak dorpeki astindu dituenak. Pertsonaion begirada eszeptikoa eta egiten duten gizartearen erretratu zorrotza izaten dira literaturzale askok nobela pikareskoetatik laket dutena. Euskal literaturak ere pikaro moderno bat baino gehiago eman du: Jean Etxegoien eta Agirre Zaharra (Metxa), bi aipatzearren. Izatez, Sotero Metxaren senitartekoren bat izan ez ote zitekeen otu zait behin baino gehiagotan. Konparazioa gehiegizkoa irudituko zaio bati baino gehiagori, baina ez dut uste liburu hau Xabier Montoiaren eta Koldo Izagirreren nobela bikain horietatik oso-oso urrun dagoenik ere.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak