kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Zazpi etxe Frantzian / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2009

(Afrikako) lur joriko sorkuntza biluzia Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-04

Literatura etxe bat bezala da. Imajinatzen duzue zenbat etxe mota egin diren zibilizazioak sortu zirenez geroztik? Halaber, ezin dugu gizon-emakumeek eraiki zuten lehen etxeen ingurua lurrik gabe irudikatu, lur joririk gabe. Ezin ditugu imajinatu ere mundua eta pertsonak etxerik gabe. Imajinatu, imajinatu, bai, ezin dugula pertsonon existentzia etxerik gabe ulertu esan nahi dut.

Alta bada, gure historian eta egungo zibilizazioan ulertu eta onartu dugu, esaterako, pertsona batek zazpi etxe izatea, eta askok eta askok bakar bat ere ez. (Gipuzkoako ahaldun nagusirako azken hautagai jeltzalea —etxe afera tarteko, azkenik aurkeztu ez zena— heldu zait gogora nobela irakurtzean). Hots, hasteko eta behin, horra Zazpi etxe Frantzian eleberriak iradoki didan lehen gogoeta: kritika soziala zorrotz egiten duen eleberria da.

Zazpi etxe Frantzian irakurriz trago garratzak hartuko dituzu, pasarte kitzikagarriak eta ataka ironiko latzak biziko. Horiek guztiak, hastean, Lalande Birane protagonista nagusiaren Christine emaztea imajinatze hutsarekin. Izan ere, Christine ez da inoiz presente nobelan, baina bere presentzia demoledorea da —démolisseuse zehatzago—. Eta honek, horra, bigarren gogoeta iradoki dit: literatura hitzen magia eta dohaina uztartzea da.

Literatura ordea —egilearen gogoeta baliatuz—, berez, oso gutxi da, lur esanguratsua behar du literaturak. Eta hara, “Obaba basoz inguratutako herria” dela ulertuta, “euskaldunon lurraldetasuna mundu guztia dela” onartuta, eta “euskaraz sortzen duguna mundurako sortzen dugula” ikasi ondoren, Zazpi etxe Frantzian-eko nobelarekin Afrikako bihotzeraino bidaia egin dugu.

Obabako soinujolearen semea Amerikako Estatu Batuetara eraman zuen Atxagak, Obabako partikulartasunari izari unibertsala emanez. Halatsu egin du berriz ere, iraganeko Kongoko lurreraino eraman gaitu, XX. mendearen hasierara. Obabako bideetan nola, Yangambi-tik Kisangani-ra bideetan barrena ibilarazi gaitu egileak. Eta, horra, neroni Tarzan mitikoaren abenturetan jausi naiz. Abenturazko tonua duen nobela eraiki baitu Atxagak, baina, ez pentsa horregatik entretenimenduzko literatura egin duenik.

Poetaren hitzak erabiliz: “Urrutiko iturri zaharretatik heldu den ur berria” da literatura. Atxagak, berriz, urrutiko lur zaharra landu eta lur berri ondua eskaini digu. Munduko lurra gure lurra ere badelako. Literatura, lanketa kontu —zentzu osoan— baita.

Zazpi etxe Frantzian-eko lurra lur trinkoa da. Egilearen aurreko nobelen idazkera baino konpaktuagoa da oraingo honetan, tankera eta idatz moldeak trinkoagoak dira. Hainbat pertsonaia poetaren eta militarraren bitartez, pertsonon bitasuna deskribatu du Atxagak, baita ederki deskribatu ere. Ugari dira zentzu horretan literatur unibertsaleko erreferentziak.

Istorioa Afrikan kokatu izateak berezko erudizioa ematen dio nobelari, baita pertsonaien maila edo klase sozialak berezitasunik eman ere. Pertsonaien ahots polifonikoen kontrasteak berezko jitea eman dio istorioari. Pertsonok gure baitan ditugun ahots ezberdinak eskaini dizkigu pertsonaia anitzen bitartez. Historian erreparatuz, Belgikak Kongon eragin zuen holokaustoa zeharka aipatuz kritika historiko zorrotza egin du egileak.

Ironia beltza erabili du Atxagak gure bizitza erretratatzeko, non eta Afrika beltzean. Eta hara, neronek, Tarzan filmetako iluntasunean bezala, argitasuna kausitu dut eleberrian, hain ugari dira-eta baso honetan ageri diren koloreak eta kontrasteak. Kontrasteak eta gogoetak garratzak bezain iradokigarriak: basoko lur jorian burutako sorkuntza biluzia da liburua.

Atxagak sortu duenak balio du, balio duenez, eta mundurako ere balio du. Nobela hemengoa da eta mundurako ere bada. Eta ni, nire lainoan, liburuko militar-poeten ahotsak gogoan, ezin izan dut Ni ez naiz hemengoa liburuaren egilearen presentzia burutik kendu, ezta kendu ere hemengoa dela dioen nobela honen egilearen hitzak: “Faltsua da militarraren eta poetaren arteko bereizketa”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak