kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Egunsentiaren esku izoztuak / Xabier Lete / Pamiela, 2008

Heriotza eta esperantza Javier Rojo / El Correo, 2009-04-04

Xabier Letek beste poema liburu baten oparia egin dio irakurleari. Egunsentiaren esku izoztuak izenburua du. 1964. urtetik euskal letren mundu bitxi honetan dagoelarik, Xabier Letek ez du ezertxo ere erakusteko beharrik. Literaturaren alorrean askatasun pertsonala lortu du eta moda guztietatik urrun egoteko pribilegioa dauka. Hau da, nahi duen literatura egiten du, bere-berea. Gauzak horrela, liburu honetara hurbiltzen den irakurlea berehala konturatuko da benetakotasunaren kutsua daukan poesia baten aurrean dagoela. Idazleak bere burua biluzten du poema mindu eta eder horietan. Idazleak bere burua eskaintzen du, ia sakrifiziorako ofrenda bat balitz bezala. Sentimendu desberdinak topatuko ditu irakurleak poema hauetan. Lehenengoa, tristura sentimendu sakona. Tristura sentimendu sakona, gertakari konkretuek baino gehiago existentziak berak sortutako tristura baita bertan nagusitzen dena, existentziak heriotzara baitarama gizakia ezinbestean. Borgesen ipuin batean kontatzen zen hilezkorrak ziren izaki bakarrak animaliak zirela, beren hilkortasunaren kontzientziarik ez zutelako. Baina gizakiak heriotzaren kontzientzia horren jabe dira, eta badakite aldez aurretik ezin izango diotela ihes egin beren patuari. Baina heriotzak sortzen duen tristura sakon eta esentzial horrekin batera, esperantzaren zirrikitua irekitzen zaio poetari, agian heriotzarekin hatera maite izan dituen pertsonekin berriro bat izateko aukera aurkeztuko zaiolako ez-denbora batean. Esperantza horri esker lortzen du tristeziari aurre egitea, eta neurri batean heriotza bera gainditzea.

Poesia honetan nabarmentzen den beste sentimendu bat duintasuna da. Existentziak sortzen duen minaren aurrean, idazleak jarrera arranditsuak alde batera uzten ditu. Minaren irudia handitzeko balio duten baliabide erretorikoak baztertu eta tonu leun, soil eta sotil batean murgiltzen da, udazkeneko arratsalde batean egongo bagina bezala. Eta erru sentimendu bat ere nabaritzen da poema hauetan, poetak oraindik ere bizirik dagoelako barkamena eskatu beharko balu bezala.

Esperientzia zehatzetan oinarrituta daude poemak, eta batzuetan nahiko narratibo dira. Baina poeta onek baizik egin ezin dutena lortu du Letek: esperientzia orokortu, gertakari pribatu horietan irakurle bakoitzak bere buruaren isla ikus dezan. Honelako liburu bat irakurtzeko aukera eskertzea baino ez zaio geratzen irakurleari.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak