kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ezer baino lehen / Arantxa Iturbe / Elkar, 1992

Hona euskal best-seller bat Gorka Bereziartua / Argia, 2009-04-05

Kike Amonarrizek eta Joxerra Garziak jarri didate puntua, beraiek batere jakin gabe, liburu honetaz hitz egiteko. Euskarazko best-seller-en premia azpimarratu zuen Amonarrizek, HUHEZIk antolatu duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa titulazioko eskolan. Garziak berriz, joan den asteko Argian, beste nonbait jarri zuen letra larria: kalitatezko produktuetan, liburu jasoetan.

Nola ez dudan busti nahi zikulu-saltsa horretan, beste plan bat proposatuko dizuet: hartu euskaraz ondo saldu den liburu bat —Arantxa Iturberen Ezer baino lehenek badarama denbora “18. edizioa” dioen gerruntze gorriarekin—, eta nazioartean gehien saltzen den liburu ereduarekin erkatuko dugu.

Hamazazpi ipuin bildu zituen Iturbek 1992ko liburu honetan; eta ipuin horiek laburrak dira, hiruzpalau orrialdetakoak, bi salbuetsita. Uste dut hori esanda badaukagula nahikoa material literaturaren soziologia gure artean zein diferentea den ikusteko. Esan nahi dut: ipuin liburu bat best-seller? Ez duzu maiz ikusiko horrelakorik hemendik kanpo. The New York Timesen salduenen zerrendan, lerro hauek idazterakoan, bost nobela daude gailurrean; ohikoena da hori.

Baina segi dezagun Ezer baino lehenekin. Ipuinak zer dira, thriller modukoak? Ezinezko amodioak agertzen al dira? Erdi Aroan girotuta al daude? Ez, ez eta ez. Zabalegi jotzea den arren, giza-harremanak dira ipuin guztien ardatza, gaur egungo bizimodua islatzen dute, eta amodiozko istorioak, azaltzen direnean, ironiaren —eta sarri umore beltzaren— filtrotik pasata daude. Ez Grisham, ez Follett, ez Rowling, ez antzerako ezer. Puntu bakarrean egingo lukete bat Iturberen liburu honek, eta aipatu egileenek: formaren araztasunean. Oso erraz irakurtzeko liburua baita Ezer baino lehen, konplikazio narratiborik gabea, hizkera bizi eta freskoa darabilena, eta edozein irakurleri gomendatzeko modukoa.

Baina “edozeinek irakurtzeko moduko” izate horrek ematen al dio best-seller izaera liburu bati? Nik uste dut ezetz. Nik uste dut best-seller diogunean, gehiago hitz egiten dugula liburu-formula batez, ezinbestean irakurterraza, baina baita gehiago ere; hitz egiten dugula formula horrek arrakasta duen inguru kulturalaz; hitz egiten dugula, azken finean, produktua bere merkatuan txertatzeko optimizazio bideez —literaturatik urrun dagoen eztabaida, bestalde—. Ezer baino lehenek asmatu zuen bide horretan, eta eredu interesgarria izan daiteke konturatzeko, nazioartekoaren molde diferentekoa izan beharko duela etortzekoa den euskal best-seller handiak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak