kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Haginetako mina / Askoren artean / Txalaparta, 2008

Itxoiten Amaia Alvarez Uria / Argia, 2009-03-22

Euskal gatazka euskal literaturan, La cosa, Gure kontu triste hori… Udako Euskal Unibertsitateak ikastaroa antolatu zuen Miarritzen 2005eko uztailean. 2006an plazaratu zituzten bertan landutako batzuk liburu batean Maldetan sagarrak izenburupean. 2008ko urriaren hondarrean agertu zen Txalapartak egindako antologia: Haginetako mina.

Tabu edo gai konplexu eta zail honen gainean hitz egitean irudiak etortzen zaizkigu ahora eta eztarrira korapiloa. Gauzei hitz argiak ipintzeko beldurra, ezintasuna eta duda datozkigu bata besteari jarraika. Norbaitek hitz egin dezake honi buruz minik sentitu gabe, ala?

“Eremu labaina” adierazi nahi digute aipatutako lehen liburuko izenburuarekin, “hizkuntza eta literaturarekin mina goxatu nahia” bigarrenarekin. Hamazortzi ipuin dauzkagu bertan. Azken hogei urteetan idatzitakoen artean aukeratutakoak hirurehun orriko lanean bilduta.

Baina nik hileko minarekin irakurri ditut orriok. Eta agian horregatik begiratu diet antologian agertzen diren emakumeei. Kartzelan gizona daukaten emakumeak, izan neska-lagun ala ama. Hori da gehien errepikatzen den irudia. Autobusa hartu, kilometro pila bat egin eta bisitan doazenak aldiro, “pazientzia handiz eta aldarte onean”. Badaude bestelakoak ere; tabernan, kalean, gizonen inguruan agertzen diren emakume ederrak, bista eta gorputza alaitzeko modukoak eta arreba konplizeak, laguntzaileak.

Azkenean, betiko estereotipo zaharrak errepikatzen dira oraingoan ere: Penelope Ulisesen zain, borrokalariaren atseden lekua, euskarria, negar egiten diona. Hau ere euskal gatazka dugu, emakumea gizonaren itzalpean ipintzen duena. Besteen aukeren ondorioak isilik jasan behar dituena —begiratu bestela liburuaren azalean agertzen den amaren irudikapena, ikurrinaren ondoan, basoan jarrita, gona beltza jantzita, negar batean dagoen emakume zaharra—.

Esan dezagun, hala ere, badirela aldaketa txikiak azken urteotan. Antologiaren hasieran giro eta pertsonaia maskulinoak nagusitzen diren arren, apurka-apurka emakumeak agertzen doaz, protagonista bihurtu arte zenbait ipuinetan. Giro femeninoa ere areagotzen da azken narrazioetan, errealitateari begiratzeko modu desberdin eta aberatsagoak eskainiz mende aldaketarekin batera. Andrazkoen presentzia eta parte-hartzea areagotzen dira denborak aurrera egin ahala, espazioak eta esperientziak ugaritzen. Hurbilpen berriak egiten.

Familia askotan agertzen da, senidetasun harremanak. Ondo legoke hurrengo irakurraldi batean ama-alaba artekoei erreparatzea, adibidez. Eta zain dagoen figuraren atzeko diskurtsoaren hariak elkarrekin lotzea, edo askatzea. Bizitza josten eta desjosten pasatzen duen irudia berrikustea. Bitartean, aldaketak itxoiten geratuko gara.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak