kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mendeko borroka / Fertxu Izquierdo / Pamiela, 2008

Tutti fruti alla romana Mikel Ayerbe / Berria, 2009-03-15

Duela bi urte argitaratu zuen Fertxu Izquierdok lehen poesia liburua, Gerratearen aztarnak, eta urte berean Iruñea Hiria Beka jaso zuen. Mendeko borroka (Assalto a Roma) izeneko nobela bitxia da aipatu bekaren emaitza.

Nobela bitxia dela diot, hasteko, liburuko argumentuaren gorabeherak azaltzea ez delako batere erraza. Liburuaren azalean bertan agertzen da Mendeko borroka-ko protagonista nagusietako bat, Bruce Lee; eta Way of the Dragon filma ikusi duzuenok dakizuenez, Chuck Norris da borroka esanguratsu horretako aurkaria (eta antagonista). Bada, 70eko hamarkadako Erroma gatazkatsuan bi borrokalari-aktore horiek bahitzeko planak egiten ari dira beste bi talde aurkari: Mussoliniren itzalpetik susperturiko faxistek Bruce Lee harrapatu eta hil nahi dute, Txina bezalako herrialde komunistei lezio bat emateko asmoz; aldiz, partisano berriek osatutako Lotta Operaria-ko taldekideek Chuck Norris bahitu nahi dute, era berean, faxistei kolpe itzela emateko. Azkenean, ordea, bahiketa bikoitzaren kontua komunisten eta faxisten arteko gatazka islatzeko aitzakia besterik ez da izango, faxistak estatu kolpe baten atzetik dabiltzalako eta partisano berriak erresistentzia sendo bat antolatzen ari direlako. Izan ere, bestelako mendeko borroka jokatzen da Izquierdok aurkezten digun Erroman.

Eszenatokian era guztietako pertsonaiak, zinezkoak eta asmaturikoak: Bruce Lee eta Chuck Norresekin batera Nora Miao eta Anita Ekberg aktoreak; Carla Capponi PCIko parlamentaria; Pinelli anarkistaren inguruko gertakariak; Stefano Delle Chiaieri, Junio Valerio Borghese eta antzeko faxista entzutetsuak; Moby Dick-ekin obsesionatuta dagoen Giovanni partisano zaharra… Guztiek jokatzen dute antzeko rola nobela koral honetan, orriotan protagonista nagusia etengabeko akzioa baita. Hain zuzen, idazlearen lorpen argiena argumentu bitxi baten baitan errealitatea eta fikzioa modu nahasgarri batean aurkeztea izan delakoan nago, historiatik bildutako gertakariak eta asmaturikoak elkarrekin okertzeraino. Horren erakusle, liburuaren amaieran eskaintzen diren Izquierdok berak nobela hau idazteko erabili dituen datu eta aitorpen zehatzak.

Bitxia da nobelaren egituraketa ere, italiar gastronomiari eginiko keinu nabarmenaren ondorio: atal nagusien banaketak menu baten itxura duen neurrian (“Antipasto”, “Primer Piatto”, “Secondo Piatto”, “Contorno”, “Dolce” eta “Cafè e Liquorino”); kapituluen izenburuek italiar janari edo edarien izena hartzen dute (gainera, izenburuko elikagaiaren inguruan, gehienetan, azalpen bat biltzen da testuan bertan). Azken aukera horren inguruan, sarritan informazio gehigarri horrek tramaren garapenari traba egiten diola deritzot, kontuan hartzen badugu 245 orrialdeko nobela 85 kontakizun laburretan banatzen dela. Erritmoaren kaltetan, elkarrizketak testura ekartzerakoan ere, nire iritzirako, Izquierdok ez du bete-betean asmatu.

Eta, hala ere, Mendeko borroka (Assalto a Roma) ni bezalako irakurle bitxi eta frikiak harritzeko eta desorekatzeko moduko nobela dela aitortu behar. Ekintza ugari eta akzio zehatzak (filmetako efektu berezien erakoak eta guzti), keinu literario eta zinematografikoak (ez soilik pertsonaiengatik), eszena umoretsua eta harreman berezi bezain korapilatsuak eta abar, edonori kontatzea zaila izanik ere, modu oso ulergarrian xehatzen dituelako Izquierdok. Estilo eta genero aldetik ere berrikuntza nahikotxo eskaintzen ditu liburuak, ikusgarritasun handiz ia-ia nobela grafiko gisa (edo are, story board mardul bezala) funtzionatzeraino. Izan ere, zaporea aniztasunean datza Tutti fruti alla romana honetan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak