kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Gau ilunekoak / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2008

Mitoak mito Ion Olano / Gara, 2009-03-06

Naturaz gaindiko izakiak protagonista dituen kontakizuna da mitoa. Claude Levi-Strauss antropologoaren arabera, mitoak hiru ezaugarri ditu: batetik, galdera existentzial bat jorratzen du; bestetik, batu ezin diren kontrakoek osatzen dute; azkenik, mitoak aurkakoen arteko bat egitea proposatzen du, giza ezinegona baretzeko asmoz. Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak ipuinak ezaugarri horiek denak betetzen dituela esango nuke, mitopoiesi edo mitoen sorkuntzaz ari garela, neurri batean. Ipuineko protagonista Baionako portuan topatu duten izaki bitxi bat da, “pikupasen antzeko begiak” dituena, eta berak dioenez, beste planeta batetik datorren “izarkumea” dena. Epailearen aurrera eramaten dute, hark ebatz dezan zer den: immigrante ilegala ala espioia. Izarkumeak epaile aurrean esanikoak osatzen du kontakizuna: kontalariak diosku haurra zenean urruneko planeta batean bizi zela, erabateko ilunpean. Oso tarteka izarrak ikusten zituzten, eta nagusiek ziotenez, 11.023 gizaldi barru izarrak errezibitzean hasiko zen Argien Sasoia. Bitartean, “amore eman behar dugu eta itxaron…”. Baina gazteen ezinegonak pazientzia gainditu zuen, eta argiaren bila abiatu ziren “izarkumeak”. Izarrak ez, baina izar zati batzuk eraman ei zituzten planeta ilunera. “Ikasi egin behar zen, ikusten, baina ikaskizun zaila zen”. Izan ere, argiaren etorrerarekin ohartzen dira mundua ez dela uste bezain ikusgarria. Liskarrak hasten dira, batzuek argia defendatzen dute, eta besteek oihukatzen: “Gau ilunekoak gara!”.

Ipuinak duen itxuragatik, ematen du irakurketa alegorikoa eskatzen duela, sinboloak interpretatzean datzala kontakizunaren giltza. Izenburuko pleonasmotik hasita (gaua iluna baita berez) eta liburuko ilustrazioei nahiz diseinuaren zuri-beltzari erreparatuta, nabarmen geratzen da kontakizuna kontrastez eta aurkakoz osatzen dela. Errepublika laneko VII. liburukian Platonek azaltzen duen “leizearen mitoa” ekarri dit gogora behin baino gehiagotan. Izan ere, argiak eta itzalak kontakizun bietan duten garrantzia, argiaren bila joandakoen figura (Platonen kasuan, filosofoa; Sarrionandiarenean, inkonformistak) eta argiaren berri ematean eragindakoa kontuan hartuta, paralelismo handia dago lan bien artean. Baina jakina, ia 2.400 urte pasa dira batetik bestera, argia eta ilunaren kontura gertakari izugarriak jazo dira: Afrikako eta Amerikako sarraskiak, mundu-gerrak, Auschwitz eta Gaza, gu geu gaude halaber bien artean. Hori ere kontuan hartzeko modukoa da, ez baita gauza bera Antzinako “argia” eta gaur egungoa.

Liburuko ilustrazioak, formatua eta diseinua paregabeak iruditu zaizkit: liburuari objektu gisa egindako gorazarrea. Testuari dagokionez, mitopoiesitik hurbil geratu da Gau ilunekoak, baina mito izatera helduko ez delakoan nago. Alde batetik edo bestetik, egoste-puntua pasa egin zaiola iruditu zait: egosiegi geratu dela, edo gordinegi. Berez, kontakizunak osagai onak ditu, neurri egokia eta ondo prestatua da. Amaierako zaporea misteriotsua da, baina zabala eta irekia izanagatik, ez da behin eta berriro dastatuko nukeen plater horietarik bat. “Eta bitartean ez garela ezer, ilunbetan / higatzen diren haur izuak besterik”, zioen Sarrionandiak duela urte batzuk, “Iluntasuna nehurtzen” izeneko poeman. Eta izenak izen, mitoak mito, harekin bat egiten dut sententzia honetan: “Ilunbetan bizitzen ikasi arte ez dugu / argi bizitzen ikasiko”.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak