kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Falo zantarra / Joane Barolo / Elkar, 1988

Filosofia putetxean Gorka Bereziartua / Argia, 2009-02-08

Ezer baino lehen bekataria seinalatuko dut, inor despistatuta ez harrapatzeko: Jose Ignazio Basterretxea gorde zen, 1988 hartan, Joane Barolo izenaren atzean. Falo zantarra nobela laburra —hitz bakarra beharko genuke, frantsesen nouvelle hitza esateko— idatzi zuen; eta ondoren, denbora luzez, unibertsitaterako testuak idatzi zituen, saioak eta beste, 2006an Marearen erraietan nobelarekin literaturaren esparrura bete-betean itzuli zen arte.

Falo zantarrari giderrari bezala heldu, eta azalean “euskal literatura erotikoa” irakurri dut; kontrazalean berriz, “nobela porno bat” dela. Euskaraz gehiegi garatu gabeko generoa da oraindik ere, Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduma kenduta, noski. Alde horretatik, nobela honi existitzea bera eskertu behar zaio aurrena, bere momentuan euskaraz generoko ale bakanetakoa izango baitzen segur asko. Horrek arriskuak ere baditu herri honetan. Hemendik urte batzuetara filologoren batek liburua deskubritzen badu, duda gutxi izan: daukan lexiko sexual guztiak glosario batean bukatuko du.

Behingoz liburuaren edukietan sarketa egite aldera: istorio sinplea da nobelakoa. Joango da gizon bat ipularretako auzo bateko putetxera; igoko ditu lau solairu, eta bakoitzean sexu harremanak izango, emakumeekin, gizonekin, haurrekin eta bestelako jostailuekin, baita tartean, analepsi bat eginez, gazteago zenean ezagutu zituen neska-mutilekin ere. Parte hori kenduta, istorioa lineala da, eta ez du bestelako konplikazio narratiborik.

Dauzkan inpotentzien artean, esango nuke pasarte batzuetan antzematen zaiola zerbait gehiago izateko pretentsioa. Etengabeak dira giroa deskribatzeko ahaleginak, eta tartea kentzen diote generoko lan batek izan beharko lukeen eduki zentralari: haragiari. Horrek eramaten du halako indefinizio batera; trukean, eskura daukagu espero izatekoa zena baino kalitate handiagoko narrazioa. Bistan da, bazegoen idazle bat Joane Barolo gaztearen atzean, gerora Basterretxeak ongi erakutsi duenez.

Gainontzean, titulua irakurrita igartzen da faloa dela nobelaren totema, eta beraz, subjektua gizona dela. Hala ere, protagonistak dituen harreman mota ugariei esker, ez gaude ar heterosexualen kontsumo esklusiborako liburu baten aurrean: lorpena, hori ere

Esan dut gorago, ez da asko landu euskaraz literatura pornoa. Zalantza dut, bere horretan landuko ote den ere. Azken hamarkadetan ikus-entzunezkoek zulo estua utzi diote letrei alor horretan. Baina, bestalde, ikusita geroz eta sexu gogorragoz bete zaigula literatura estandarra —Houellebecq irakurri duzue?—, eta aukera sexual diferenteak geroz eta zabalduago daudela, beharbada mereziko luke generoak eskaintzen dituen aukerak berriz aztertzea. Apaingelakoa ere filosofia baita, azken finean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak