kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Ele zahar, ele berri / Martin Anso / Alberdania, 2008

Berridazleen generoa Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-02-08

Genero literario xumea dugu sinesmenak, legendak, historiazko edota istoriozko gertakariak berridatzi eta biltzen dituena. Etnologoek etxez etxe ehizaturiko ipuintxoak, herri abestiak, bertsoak, atsotitzak, sutondoetan txikitan edo tabernetan lagunartean entzun eta oroituriko pasadizoak, historia liburuetako kontakizunak, maila altuetako obra literario askoren inspirazioa eragin duten gertakariak edo asmazioak…, iturri anitzen bidez nola edo hala gizatalde baten oroitzapen kolektibo bihurtu diren hainbat eta hainbat istorioren bildumak, egile batek paperetara eramanik eta moldaturik, horiek izan ohi dira genero xume horren lehengaiak.

Eskola eta garai literario askotatik saiatu den generoa da: bere sasoiko erromantizismo edo berantiarretik, errealismotik, kostunbrismotik, historizismotik, surrealismotik, literatura sozialetik, etab., saiaturiko generoa, nahiz eta gehienetan erromantizismo berantiar eta kostunbrismo zein historizismoekin lotu ohi dugun. Eskola bakoitzak bere izpiritu, sentikortasun eta helburuak dituela erran gabe doa.

Gure artean ibilbide luzea duen genero honetakoa dugu Martin Ansoren *Ele zahar, ele berri” bilduma hau: XIX mendeko erromantizismo berantiarrak eta kostunbrismoak askotan ibilitakoa. Garai haietatik hona, bilduma horien atzetik badago jakinminik, herri baten gogoa antzeman daitekeelakoan, eta istorio horien multzoaren atzetik nolabaiteko ikasbideak (moralak edo politikoak edo kulturalak edo antropologikoak, edo askotarikoak batera) ikus ditzakegulakoan. Zentzu horretan, istorioen berridazketan berrirakurketa ere badago beti, idazleen garaikoa; hau da, ele zahar horiek guztiak ele berriak dira neurri horretan, nahiz eta berridazleen buruan, arruntean, edo istorio eternalak izan, edo denborak berarekin iraganera, ahanzturaren zakuetara, heriotzara, tamalez eramanen dituen (eramaten ari den) ondare izan. Martin Ansok ere ele berri gisa ikusi nahi ditu bere ele zaharrak, baina garai eszeptiko eta ironikoago hauetako ikuspuntutik: ipuin horien balioa kontakizunak eta kultura kolektiboaren ondarea, gizatiartasunaren (gizatalde edo herri zehatz batena izan ala ez) ispilua, izatean datzalakoan. Bilduman, izan ere, 38 narrazioetan, iturriei dagokienez, denetarikoak daude: Euskal Herriari, edo kultura klasikoei edo bertze herri eta kulturei esker ezagutzen ditugunak; baita hala industriaurreko mundu tradizionaletik nola moderniako mundu urbanotik datozkigunak ere. Eta narrazio guztiei, izan ere, ele berri gisako ikuspuntuari dagokionez, koda halako bat erantsi die, gaurkotik ikustarazi nahian kontaturikoa; gehienetan “Zer eginen diogu, ba!” tankerako izpiritu eszeptikoarekin, askotan ironia puntu batekin, eta batzuetan (beharrik, gutxitan!) esplizituegi ikasbide moral baten antzeko zerbaitekin.

Ez nauzue genero honen zaleegia, baina aitortu nahi dut pozteko ezustea jaso dudala Ele zahar, ele berri bilduma irakurtzean: generoaren xumean, euskara eta estilo fresko eta atseginean garaturiko ipuinak ditugu, irakurketa arinetan denborapasa goxoak egiteko aukerak ematen ditu. Eta, gehiagorik nahi dutenentzat ere, bertan lehengai politak ditugu zerbait propioagoa ateratzeko, dela hausnarketa filosofikoak, dela anekdotario bitxia lagunarteko berriketa edo hitzaldi edo eskola-ordu edo idazkietarako… Gainera, amaierako eranskinean, narrazioz narrazio, berri ematen dio irakurle interesatuari, zein bertsiotatik abiatu den, zein aldaera hobetsi duen, non aurki dezakegun zehaztapen gehiago: eskertzeko oparia eta zintzotasuna.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak