kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Euskaldun guztion aberria / Iban Zaldua / Alberdania, 2008

Bizitza bera neke Aritz Galarraga / Gara, 2009-01-16

Anchoragera joatea eskaini diote Joseba Anabitarte irakasleari, sei hilabetez, hango unibertsitateak gonbidatuta, euskal hizkuntza eta kulturako eskolak emateko. Euskal Herriko giroaz kokoteraino ustez, eskaintza onartu eta Alaskarako bidea hartuko du. Erabakiaren arrazoiak baina, desberdinak izango dira bikotekide duen Arantzari azaltzen badizkio (“Azkeneko Zutaben zeharkako aipamen bat egiten zitenan nire kontra”) edota Zuriñe amoranteari (“Jende andana sartzen ari ditun kartzelan, eta hemen ez dun ezertxo ere gertatzen”). Pello lagun minak, ordea, usain hartu eta zorrotz gaztigatuko dio: “ihesi hoala zirudik”. Zerengandik, irakurleak igarri beharko. Horixe du abiapuntu Iban Zalduak argitaratu berri duen Euskaldun guztion aberria lan laburrak (berehala irensten diren 121 orrialde).

Kontua da, behin Anchoragen, Euskal Herriaren antipodetan ia (zentzu askotan), ezin duela Euskal Herriagandik erabat ihes egin, ez bada Euskal Herri berri bat asmatuz. “Jolas bat bezala hasi zen dena, beraz, euskararen antzinatasunaren mitoa eztabaidan jarri ez dudan une beretik”, aitortuko du Anabitartek, elur bolak tamaina izugarrizkoa hartzen duen bitartean: azken eskoletan dagoeneko, eta balizko Euskal Herri independente batean, fanatiko talde txiki batek Espainiarekiko batasuna bilatzen du, adibidez. Ikasleek, ikastaro amaieran, txalo jotzen hasiko zaizkio irakasleari, “nire bizitza akademikoan aurreneko aldiz”.

Zalduaren hau liburu laburra dela esan dugu, nouvelle gisa aurkeztua izan dena (liburuaren barne azalean bertan), baina ipuin luze gisa ere defini litekeena. Izan ere, idazlearen ipuingintzaren oihartzun zenbait adituko ditu irakurleak hemen, besteak beste, amaiera aldeko ezusteko atseginak, ipuin onek ohi duten gisan. Euskaldun guztion aberriaez da etorkizunean, ziur asko, Zalduaren lanik gogoratuenen artean izango, ziur naiz idazleak ere ez zuela asmo hori buruan liburua argitaratzean. Apustu apalagoa izanagatik ere, gustura asko irakurtzen den lana dugu, eta ez bakarrik testuak darabiltzan ironia fin eta umore kolpeengatik. Ez bakarrik nazio, herrialde edota giza taldeek (deitu nahi bezala) beren historiari eskua sartzeko izan dezaketen tentazioaren inguruko hausnarketa interesgarriagatik (gogoratu liburua irekitzen duen George Orwellen aipua: “Nazionalista oro iragana alda daitekeelako ideiarekin obsesionaturik bizi da”). Gustura irakurri dut liburua, eta gustatu zait, bere apalean, miseriez, are gure miseriez hitz egiten duelako, zaurian debalde ibili baino, zauria erakusten duen literatura delako. Eta horrexek jartzen du, hain zuzen, pentsatzeko bidean irakurlea.

“Nekerako bide luzea da bizitza” esaldia utzi omen zuen idatzita Samuel Butler poeta ingelesak. Zalduaren narratzailea korolario moduko bat eranstera animatzen da: “Eta bidea luzatzen delarik, bizitza bera da nekea”. Ruper Ordorikak ere kantatu izan du inoiz, nekea mapan kokatuz, “euskaldun izatea zein nekeza den” sententzia argigarria. Imajinatzen dut espainol, galego edota somaliar izatea ere nekeza izango dela, baina guri egokitu zaigu euskaldun izatearen zama bizkar gainean eramatea. Eta, gauzak dauden bezala, ulertzekoa da batek baino gehiagok Anchoragera edo are urrunago joateko beharra sentitzea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak