kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Haginetako mina / Askoren artean / Txalaparta, 2008

Antologiak eta desorekak Beñat Sarasola / Berria, 2008-01-11

Azken urteotan egon den euskal gatazkaren presentzia gure literaturan aztertzeko jakin-mina ondoren, pentsatzekoa zen lehenago edo geroago gai honen inguruko antologia bat publikatzea. Euskal gatazka eta euskal literaturaren arteko analisi hauetan, gainera, protagonismo handi samarra hartu du ipuinaren generoak eztabaidagai gisa. Jokin Muñozen ideia hori, ipuinak posizionamendu ideologiko argi bat hartzea saihesten laguntzen duelakoa, eta Iban Zalduaren erantzuna (Lau kontsiderazio euskal ipuingintzaren inguruan) horren adibideetako bat da. Mikel Sotok apailatu eta Txalapartak atera berri duen Haginetako mina hau, bada, euskal literaturan gatazka jorratzen duten ipuinen antologia da (“Ipuinak hautatzeko irizpide nagusia izan da lanen gai zentraletako bat konbentzionalki euskal gatazka deitzen dugun hori izatea” dio hitzaurrean), eta hala, eztabaida hauek sakontzeko eta ikerketa lan berriak egiteko erreferentzia interesgarria da.

Ipuinok kronologikoki ordenatuak ditu Sotok, argitaratze dataren arabera. Anjel Lertxundiren “Hausturak”etik, 1984an argitaratutakoa, Joseba Sarrionandiaren “Xakea” arte, 2007an plazaratua, nahiz eta, ironikoki-edo, 1982an idatzia izan zen. Euskal Gatazka delakoaren zerizan patetikoaren inguruan dezente esaten du datu honek. 1982an idatzitako ipuina ez da batere gaizki zahartu eta hogeita bost urte beranduago argitaratu daiteke arazorik gabe.

Askotarikoak dira ipuinon luzera, estrategia narratiboak, tonuak eta abarrekoak, eta Sotok, oro har, aurrerago zehaztuko ditudan eragozpenak salbu, liburu aberatsa ondu duela esango nuke. Esate baterako, hor dago narrazioaren teknikaren ikuspegitik paregabea den Mikel Antzaren “Odolaren usaina”, euskal gatazka beste gatazka sozialekin (drogekin) lotzen duen Edorta Jimenezen “Atoiontzia”, eta zolitasunez beteriko Luis Fernandezen ipuin satiriko bikain hori, “Kontaktua”, atentzio gehien eman didatenen artean hiru hautatzearren. Bestetik, ipuin batzuek gatazkaz mintzo garenean eskuarki ahantzi egiten ditugun zenbait aspektu eta biktima gogorarazten dizkigute. Ipuin hauetako protagonistak ez dira ez heroiak ezta martirrak ere. Horietako bat da Xabier Montoiaren Irapuato. “Makurkeria nonahi”, iheslarien (zentzurik literalenean) errealitatea mahai gainera eramaten diguna; eta beste bat Jokin Muñozen “Isiluneak”, ETAko militanteen senitartekoen oinazea azaleratzen duena (eta bidenabar, 1974ko Gabriel Arestiren “Josepa Mendizabal Zaldibian” poema gogorarazi).

Baina antologiaren aberastasunari dagokion eragozpenen bat agindu dut gorago, eta iritsi da nire zorra kitatzeko garaia: ipuin (ia) guztiek, ezker abertzaleko biktimen oinazean jartzen dute beren arreta. Min hau, arestian aipatu bezala, prisma askotatik agertzen da, eta horixe da, nire iritziz, antologia honen bertuteetako bat. Baina ETAren bortizkeriak eragindako oinazea esplizituki azaltzen diren ipuin bakarrak Patxi Zubizarretaren “Bihar ez diot amari hutsik egingo” eta Harkaitz Canoren Hipotesiak gordinkeriaz dira. Baiki, idiota samarra da kalkulu matematikoak egiten ibiltzea politikoki zuzena litzatekeen oreka ezinezko bat mantentzearren, baina uste dut “euskal gatazka” erabili ondoren, termino honen esanahi distantziakidearen tamainako antologia distantziakidea espero zitekeela, borroka armatuak eragindako minaren presentzia handiagoarekin. Hitzaurrean Sotok dion bezala, antologia inpartzialak egiteko posibilitatearen inguruko ameskeriak aspaldi joan zitzaizkigun (areago halako gai baten aurrean), baina kasu honetan desoreka handiegia dela begitandu zait niri.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak