kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

La lutte finale / Joxean Agirre / Elkar, 2008

Lazoak Iratxe Esnaola / Gara, 2009-01-02

“Internazionala”ren letraren harira dator izenburua, “C’est la lutte finale”, “Oro gudura, ala!, bihar izan dadin?” ezagunago, ez ironia gutxirekin. Berrogeita hamarrak iragan dituzten bi gizonen maldan beherakoa da kontagai eta eurena da azken borroka; politikoa batetik eta gorputz zahartuarena, bestetik. 2003tik eleberririk argitara eman gabe, Joxean Agirre forma ohituretatik aldendu da. Orrialdea betetzera heltzen ez diren kapitulu laburrekin hasten da, adina bezala, aurreratu ahala luzatzeko.

Zer gertatuko protagonistari eta, nahastu egiten dutela beste edozeinekin, edonon, etengabe. Finkoa den ezer ez duenez, ez ideia, ez alderdi, batere ezaugarririk, aldagarria dela sinestarazi nahi digu, nortasun batean zein bestean berdin kabitzen dela, alegia. Hemen identitatearen gaineko gogoeta ikusi dute zenbaitzuek. Batek, esaterako, bere senargaia beste batekin nahasten duela sinestaraztea zaila da. Absurduan sinesgarri egiteko dohaina izan du idazleak eta entretenigarri iritzi diot nik, baina ez gogoeta sortzaile. Gehienera zera dakar akordura; nola nahi dugun ezberdin izan besteengandik bereizteko, baina indartsuago zaigun normala izatearen beharra eta aldatzearen nekea.

Horren adibidea iruditu zait pertsonaia narratzailea. Gizon bat, zahartzaroa gainean duena, eta nire iritziz kirrinka egiten duten ezaugarri eta ikuspuntuak dituena: emakume gorputza gauzakietan zatitzen duena (titiak, izterrak, ipurdia), lehen aipuak beti haren itxura fisikoari egiten dizkiona, andreak barrutik deskribatzean dituen aldi gutxietan misteriotsu, ulertezin, inpultso ezezagunen jarraitzaile diren izaki bitxiak balira bezala aurkezten dituena. Orotara, aspergarria egin zait ez prosa bera, baizik gauzen gainera isuritako begirada errepikatu hau. Nik ez dakit nahita paratua ote den hain nabarmen, zehazki, gizontasunaren irudia parodiatzeko asmoz. Hala interpretatzen nuen nik “azken borroka”. Ezezkoan nago, ordea, argitaletxeak egileari egin elkarrizketa fotokopiatua txertatu baitu liburuan eta bertan halakorik ez baitut sumatu.

Beste borroka bat ere korapilatzen da istorioan, Garibaldi bigarren gizonaren bitartez. Erakunde iraultzaile bateko partaide, politikari ezagunen txosten ezkutuak publikatu ditu haien iraganaren berri emanez. Belaunaldi bateko kideen jarrerak hein batean usteldu zirela adieraztera dator. “Internazionala” kantatzeari utzitako jendeak direla. Mahai gainean beste eztabaida bat jartzeko bidea eman dit honek: ea gaur egun derrigorrean amaiera tragikoa ote duten garai bateko borroka moldeek. Edota kultur agenteen iraganek zenbat eta nola axola beharko luketen (ezagunak dira naziekin kolaboratu izan zuten pentsalarien gaineko eztabaidak.).

Hari jarraitzailea protagonistaren emakumeenganako zaletasuna dela esango nuke. Gero, nahi izan duenean lagungarri zaizkion gogoeta edo deskribapen pasarteak txertatu ditu. Gauza ona da hau irakurketa ez trinkotzeko. Alderantziz, berriz, kalte egiten dio osotasun bati. Hasieran bada hildako bat eta amaierak hildako berera garamatza, baina beste hari puskak libreegi doaz. Dudarik ez prosa txukuna, zaindua, jasoa eta atsegina dela, baina halako borobiltasun bat falta zaio nire ustez. Beharbada protagonistak adierazi nahi zigunak ihes egin didalako. Agian, narrazioan hariak luzatu eta beren gisara dantza egin dutelako, elkarrekin lazoak osatu gabe.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak