kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gau ilunekoak / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2008

Linboan sarturik Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-12-28

Demagun herrixka egin duten planeta hau gurea dela, zuria. Demagun edozein portutako (Baionako, kasurako) zamaketari xumea zarela. Demagun, zamaketari xumea izan arren eta hortaz agian kolore nabarrekoagoa ere, zuritua ikusten duzula zeure burua zuri-zuritzat jotzen ez duzun edonor bitxo arrarotzat jotzeko, are gehiago “pikupasen antzeko” begiduna baldin bada eta “baldar” mugitzen bada zure erranetara. Demagun bitxo arraro horrek istorio hunkigarri bat kontatzen dizula: alegia, betidanik gaupean itsu bizi dela eta egun batean argi itsugarriago batzuek erakarririk etorri dela zure harridura eta ezustera. Demagun, azkenik, zeure burua zuritze aldera, zeure zuritasun-agiria eman dizuten agintariei jakinarazi dizuela aurkikuntza, eta epailearen aurrean bere burua zuritzen saiatu behar duela “bitxo arraro” horrek.

Istorio bera kontatuko dio berak epaileari. Esperantza eskasaz. Bere burua ere bertze planetakotzat jotzen, hain pragmatiko, zientzia positiboen zale eta hizkera zehatzekoa den epaileari ulertezina, mitoz betea, bere logos-etik, bere humanitate kontzeptutik kanpokoa suertatuko zaion istorioa. Bada, epailea zu zeu zara, irakurle hori. Zu zeu geldituko zara zur eta lur auskalo nondik etorritako hizkera horren aurrean: poetikoegia, sinbolikoegia, mitikoa, lurretik kanpo bizi den ero batena irudituko zaizu. Behin baino gehiagotan izanen duzu inpresio bat, Sarrionandiak fabula honetan epaile bihurtu nahi zaituen horri dagokiona: hots, gehiegi entzun duzula, aski, nonbait, gure argi zuri guztietatik at dagoen izaki arrotz hori haren gaupera berriz bidaltzeko… “Gehiegi entzun duzula”, “aski”, narrazioa labur-labur bada ere, idazleak protagonistaren hizkera mitikoegia, euskarri zehatzik gabeegia, airean hegaztiegia, soka motzean lotu eta gauzatu nahi izan badu ere, Maite Gurrutxaga ilustratzailearen marrazki espresionista eta sinbolikoak makulu.

Fabula labur bat eskaini digu Sarrionandiak. Zurion gaurko munduko arazo latz batez: alegia, Europa sinboliko batek bertze mundu beltz eta gaupeko batean sortu duen liluramendu eta erakarmenaz, immigrazio ilegalaz edo, sakonagoa dena, gure harrokeriak zilegitzat jo nahi ez duen inmigrazioaz. Baina gure arazo honen nondik norako zehatzak, dramak, tragediak, kontatu ordez, gogoeta poetiko-filosofiko orokorrago baten aurrean jarri nahiago izan gaitu, giza izaera bera islatzeko asmoz: garapenaren distira, globalizazioaren pagatzaile zortegabeenengan sorturiko bizitza hobetzeko gura, globalizazioaz gozatzeko aukera izan dugunon arroztasunarekiko lotsa, bertzelakotasunarekiko gure mesfidantza…, gure gizartean erroturik dauden hainbat eta hainbat sentipen, dudan jartzen dutenak, gure (pribilejiatuon) gizabidetasuna ez ezik, giza espeziearen beraren izaera ere, zibilizazio eredu honen argipekoa.

Badirudi Joseba Sarrionandiak hori guzti hori saiatu duela, baina linbo poetiko halako batean gelditu delako inpresioa dut; sinbologia topikoegia, errazegia, aereoegia, fantasiazkoa baina fosildua, zerbait berria sortzeko. Ez du auzia tribializatzen, sakon-sakonean astindu nahi du, filosofia humanista kezkati batetik, arazoak eta gure gizarteen beldurrek islatzen duten pentsamolde baztertzaile eta, funtsean, arrazista: gu izanen baikinan gizaki, gizaki izan nahi duten bertze izakiak izanen bailiran “bitxo arraro” koitadu. Alta, ez dut uste fabula honen irakurleoi ematen digunik pertika malguago eta bizkorragorik gure linbo errukiorretik jauzi egiteko. Sarrionandia idazlearen miresle nauzuen honek gehiago espero zuen.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak