kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Istripuak / Agustin Arrieta Urtizberea / Alberdania, 2008

Kalte-ordainak narrazioka Mikel Ayerbe / Berria, 2008-12-21

Liburu bat irakurtzen hasteko modu asko daude. Azaletik bertatik, kontrazaletik, azal hegaletik edo kontrazal hegaletik: “Hemezortzi ipuinez osatutako narrazio bilduma da Istripuak. Era askotakoak daude, luze samarrak eta orrialde betekoak ere bai. Badira elementu surrealistak dituztenak, atmosfera magiko batean bildutakoak, kezka eta herstura eragiten duten alegoriak, zientzia fikziozko tantak eta zaparradak; baina badira egunerokotasun arrunta ezin hobeto islatzen dutenak ere (…)”.

Eta, baiki, tankera askotako narrazioak eskaintzen ditu Agustin Arrieta Urtizbereak Istripuak izeneko aurreneko literatur liburuan (aurrez filosofia gaien inguruko zenbait liburu argitaratuak ditu). Zientzia fikzioaren, ironiaren eta alegoriaren artean mugitzen dira Igogailuan berriz, Azken epaiketa, Oporraldia eta Behi Handia narrazioak. Azken horretan amestutako bizitza paraleloak sortzen dituen Behi Handia (Begi edo Anaia Handiaren aipamen argia) matxuratu egingo da; Oporraldia-n pertsonaien bizimodua eta bizi-aukerak “agentzia” batek mugatuko ditu, eta protagonistak oporraldi kitzikagarri(egi) bat igaroko du agentziaren eskutik. Umore eta absurdu ukitua du Igogailuan berriz kontakizunak, eta Azken epaiketa-n, berriz, umorea giza eboluzioaren irakurketa fantastiko bat egiteko erabiliko da.

Izenburutik hasita, erabat metaforikoa eta alegorikoa den Basamortuko lorea ipuinak eskola bateko giro itogarria du oinarri gertakarien eta berauen interpretazioaren arteko jolasa gauzatzeko. Gerraria, liburuko azken narrazio zirkularra ere, guztiz alegorikoa da, parabolikoa kasik.

Aldiz, klabe errealistagoan idatzitakoak dira narrazio bildumari izenburua ematen dion Istripuak, Irakaslea, Sartaldetik sortalderantz, Zergatik negar? eta antzeko kontakizunak. Kontaera gazi-gozoak ezustean eta istripu gisa ageriko dira, iragana eta, bereziki, oraina baldintzatuz.

Bestetik, azpimarratu behar da hamazortzi narrazio horietariko bost aurrez sarituak izan direla Errenteria Hiria, Tene Mujika eta Julene Azpeitia narrazio lehiaketetan, hain zuzen, 2002 eta 2005. urteen artean. Zoritxarrez, sariketak ez dira beti kalitate literarioaren berme izaten, baina egia esan, Arrietaren narrazioek badute zerbait, zerbait hori zer den zehazten asmatzen ez badut ere. Badute zerbait, eta batzuetan oso nabarmena da zerbait hori. Apaltasuna izango da agian; edo gehiegikeria narratiboak saihesteko joera, nahiz eta Arrietak erabiltzen dituen gaiak eta tonuak askotarikoak izan.

Nolabait, inpaktu leuneko kontakizunak gordetzen dira orriotako istripu txiki eta handien atzean, eta jakina denez, sarritan zailagoa eta nekezagoa izaten da bat-bateko ezusteak saihestu eta gutxika-gutxika zirrararen efektua eragitea.

Hala ere, eta, agian, horregatik, aitortzen dut narrazio batzuk epel utzi dutela nire irakurketa (ezin bestela izan hamazortzi ipuineko narrazio bilduma batean). Niretzat, adibidez, ahulenak izan dira: Autobusak, Enbaxadorea (eta maiordomoa) eta Marlenen adiskideak. Bestetik, inpresioa dut hamazortzi narrazio hauen artean oso gutxi direla besteengandik gailentzen direnak, hau da, elkarren artean ezberdinak izan arren, neurri batean maila berean mantentzen diren ipuinak begitandu zaizkit. Eta hau ere, nondik begiratzen den, seinale ona edo ez hain ona izan daiteke. Oraingoz behintzat, badakit narrazio bat eta bakarra aukeratzeko eskatuko balidate lanak izango nituzkeela (zenbait narrazio bildumarekin justu alderantzizkoa gertatzen bazait ere).

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak