kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hutsik / Peru Magdalena / Elkar, 2008

Banbu orriak Igor Estankona / Argia, 2008-11-16

Haiku japoniar eder eta urrunek natura izan ohi dute hizketa gai —urtaro baten hasiera, emakumea bidexkan—, eta izpirituaren hostoak mugiarazten dituzte, errimarik gabeko lerro laburretan, hitz klabe bat oinarri harturik. Ez dute titulurik, eta puntuazio zeinuak zein maiuskulak ez dira derrigor erabili behar. Soilak izan ohi dira, pausatuak eta delikatuak, gogorrak ere tarteka. Oso doiak direnez harrigarriro konplexua da diotenaz guztiz jabetzea. Pentsakor eta hunkiturik utz zaitzakete. Eternoak dira.

Haikua laguntzeko, tradizioa izan ohi zen egileak berak marrazki bat eranstea piezari. Marrazkia ez zen izaten oso perfektua, eta zirriborro bat ere izan zitekeen. Peru Magdalenak liburu honetara dakartzan gehienak haiku klasiko-klasikoak dira, jator-jatorrak, marrazki eta guzti.

Baina haikua ez da bere itxura edo metrika, astelehenetan herriko kiroldegian egiten dutena yoga ez den bezala.

Haikua ia ez da literatura, ezpada aszetismoa, edertasuna topatzeko modu bat. Bashok bezala, Oteizak bezala, Igerabidek eta Sarrik bezala, Peru Magdalenak itxuraz garrantzi gutxikoa dena espiritualizatzea lortzen du. Hutsik da liburu bat ikaragarria, Joseba Sarrionandia berak “isilaurrea” idatzi dio hitzaurrea barik, begirunez.

Lehenengoz zabaldu nuenean, pentsatu nuen erraza dela haikuan erortzea. Baina irakurtzen hasi eta pentsatu nuen erraza dela, baita, gauzak arinegi epaitzea. Poesia garbiaren esentziaren gaineko lezioa da Hutsik. Oraindik durundu egiten dute hainbat eta hainbat momentu gorenek: “lora bat jausten da / eta hori da guztia”; “ez dago / ilunpe guztiz ilunik // hontan indarra”; “biderik ez badago soilik bidaiatuko duzu”. Klasikoen artean dago hau, haizeari dedikatutako zatian: “Dantzan egiten du zuhaitzak/ harmonian // hosto bat”. Lainoen zatikoak ez dira haikuak zentzu hertsian, gogoeta edo poema laburrak baino, baina horiek ere gustura irakurtzen dira. Mendien inguruko zatian purutasun gaindiezina aurki dezakegu: “Ez dago mendirik”. Eta kito.

Andrei Tarkovski zinemagileak haikuaren hartzailearen zoriona definitu zuen, esanez irakurlea galdu egin behar dela konposizioaren sakontasunean kosmos batean legez, non ez dagoen ez goirik ez beherik. Azken poeman idazleak berak diosku zelan komeni den irakurtzea liburua, hau da, idatzi den modu berean: “Izan hutsa”. Be water, my friend.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak