kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hontzaren orduak / Txiliku / Elkar, 2001

Animalien mendekua Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-26

Zilegi da Txilikuren Hontzaren orduak ironiari garrantzi handirik ematen ez dion ikuspuntu batetik irakurtzea. Izan ere, ironiak ez ote du oinarri, umoreak ez bezala, ironizatzaileak bere burua ironiak joa baino gehiagotzat hartzea? Anjel Lertxundik aurrena eta Xabier Mendigurenek gero, Txilikuren ironia azpimarratzen dute; baina Txiliku ez da ilustratu ironiko tipikoa, ez die zientziaren eta zentzun modernoaren faroaren goietatik herri xehearen uste atzeratuei iseka egiten. Begizkoarena eta madarikazioarena, adibidez, anbiguo uzten du. Maurixio eta Demetriorentzat, oreinaren madarikazioak erabakitzen ditu osteko gertaera lazgarriak; Anguiano sarjentuarentzat orobat, Ortiz kabuaren adur gaiztoak. Txilikuren ikuspuntua ezin da hauenarekin osotoro identifikatu, noski; baina ezta Joanma eta on Antonioren ikuspuntu modernoagoarekin ere, ez bederen erabat. Ipuinon egileak arima asko ditu, hontza ere bada Txiliku. Alabaina, ironia ez da kriseilurik egokiena, zenbait arima argitzekotan. Halatan, dezifratzeko zeinuz josiriko liburu hau Joseba Zulaikaren Ehiztariaren erotika gogoangarriarekin batera irakurri behar da —ironia ilustratuak ez du bertan zereginik—.

Txilikuren liburuak nabaritzen du sakonagoa dela ez dakiguna, dakiguna baino; erabakigarriagoa gordea, ageria baino. Duguna ez da dagoenaren itsaso zabalean bakarturiko potxingoa baizik. Zientziak bezala, gizakiok osotasunaren esparru bat zedarritu eta bertan kosmostxo bat sortzen ahalegintzen gara; baina zeinen hauskorra den oreka gune hori, zelako danbatekoak datozkion anitzez gogorragoak diren indar kaotiko ilunetarik… Hontzaren orduak-en txoko gastronomikoa, kuartela, benta, epaitegia bera ere hein batean, ageri dira gizakiek eraikiriko gune hertsi ulergarri gisa, indar kontrolagaitzek ezustean zapartatuak.

Gizonek eraiki eta gobernaturikoak dira guneok, bestalde, ez andreek; beren animalia aldearekin harreman ezin txarragoak dituzten gizonek hain zuzen. Barruko piztia jasanezin zaienek, kanpoko egiazko piztiak hiltzeko joera izaten dute; halakoa da adibidez Maurixioren kasua, edo Anguiano sarjentuarena. Baina beren kaxkarrean giza esparru antolatuetan babesa bilatu duten gizontxook, ez dakite deus animalien erresumako legeez, eta berehala ordaintzen dituzte animalien aurkako gehiegikeriak: ez dakigunetarikoen artean baitira oreinaren mendekuaren nondik norakoa, edo Kanelo txakurtxoarena, edo Gorritxo txekorrarena, edo hontzaren uluaren zentzua.

Izan ere, hontzaren munduan guztia dago guztiarekin lotua, baina arrazoiari ihes egiten dioten hariez. Hontzaren ulua, pinpirin beltza, zakurraren intziria… ahantzi genuen zeinuok irakurtzen. Teknika eta zientziarekin asko irabaziko genuen apika, baina ez dago galerarik gabeko aurrrerapenik: menditik, behetik, antzinatik, sakonetik datozkigunei, geure bizitza eta heriotza erabakiz, ezikusia egiten diegu txolin-txolin eta harropuzkeriaz, ezustean berton ditugun arte.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak