kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Iragaitzaz --ilunbistan-- / Pello Lizarralde / Erein, 2008

Eleberri perfektua Javier Rojo / El Correo, 2008-09-20

Pello Lizarraldek euskal literaturan oso toki berezia merezi duela uste dut. Bere ibilbidea interesgarrienetako bat da, eta, lau bost urtean behin, narrazio-liburu bitxi bat eskaintzen die euskal irakurleei. Kasu honetan Iragaitzaz —ilunbistan— izenburua duen nobelaren txanda izan da. Idazle honen literaturak oso markatuak eta bere-bereak diren ezaugarri eta oinarri batzuk dauzka. Presentean, lehenaldirik eta geroaldirik gabe, harrapatuta dagoen pertsonaia batek, kasu honetan kamioilari batek, bidaia bat egin behar du, bidaia arrunta, kamioilari bati dagokion lan-bidaia normala alegia. Argumentu txiki honekin Lizarralde oso estetika pertsonalean oinarritutako literatur lan miresgarria eraikitzeko gai da. Protagonistak, Martinek, kamioia daraman bitartean ikusiko du nola elurra ari duen zeharkatu behar duen paisaiaren gainean. Idazleak sentsazioei ematen die garrantzi osoa, zer entzuten den, zer ikusten den kontatzen baitu xehetasun guztiekin. Bitartean, pertsonaiek ia ez dute elkarrekin hitz egiten.

Idazleak, bestalde, uko egiten dio pertsonaiek pentsatzen dutenaz ezer kontatzeari, pertsonaien iraganaz ezer azaltzeari. Gauzak honela, gertakariak, guztiz arruntak edo egunerokoak badira ere, arroztasun berezi batez horniturik agertuko zaizkigu, ia misterioz beterik egongo balira bezala. Elkarrizketa apur horiek eta gertakari arrunten kontaera zehatz horrek osatzen duten mosaikoa bete beharko du irakurleak, gertakarien eta hitzen atzean zentzuren bat dagoela sinistu nahi baitu. Pello Lizarralde maisua da honelako giro arrotzak eraikitzen, eta ezaugarri honi gaineratu behar zaio erabiltzen duen literatur hizkuntza: uste dut euskal literaturan ez dagoela hainbeste zehaztasunez idazteko gaitasuna duen beste idazlerik. Izan ere, bere liburuak arte-lanak dira eta horrelaxe hartu behar ditu irakurleak. Lizarraldek ez du idazten denbora pasako istorio bat kontatzeko edota euskal literaturaren merkatu berezian salmenta izugarriak izateko. Irakurlearen aldetik jarrera berezia eskatzen duen literatur lana da berea. Bestalde, planteamendu estetiko zehatz horietan bermatuta, idazleak giza existentziaren metafora ere eskaintzen du bere liburuan, pertsonaiaren bidaian (epikarik gabeko bidaia, bakardadean egindako bidaia) islaturik ikus baitezakegu gizakiaren bizitza.

Pello Lizarraldek bere printzipioetatik inoiz aldentzen ez den liburu perfektua egin du.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak