kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Iragaitzaz --ilunbistan-- / Pello Lizarralde / Erein, 2008

Galapagoak jotako ardiak Aritz Galarraga / Gara, 2008-09-13

Kamioilari bat hilik agertu da bere kamioiaren azpian, eta irakurleak ez daki nor den, nora zihoan, nola hil den ere. Ezer gutxi daki. Ozta-ozta du heldulekurik, eta aurrera egin behar, hala ere. Hortik abiatzen da Pello Lizarralderen azken eleberria, izenburutik beretik anbiguotasunerako eta, ondorioz, iradokizunerako joera azaltzen duena: “ilunbistan” hori, tira, gutxi-asko intui dezakegu nondik nora joan daitekeen, baina ez dakigu “iragaitza” hitza zein adieratan ulertu behar dugun, deklinabide instrumentala behar duen izan edota izenondo. Ez dakigu eta guk geuk erabaki behar dugu, narrazioak eskaintzen dizkigun arrasto bakanak baliatuz, jakina. “Zer etorriko den eta zer egin behar den ez dakigunean, erabaki egin behar dugu”, esan zuen beste hark, eta norbaitek helduleku eskasia hori kalterako ulertu badu ere, horrexetan datza liburuaren bertuterik behinena: lanerako trapuak jantzi, gerrikoa estutu eta irakurleak egin beharko duela lan, idazleak uzten dituen hutsuneak oro ahal duen moduan betetzeko. Hemen zehaztapen gutxienekoak ematen baitira, erreferentzia justuak, kontakizun hari ia ikusezin bat.

Horrek guztiak markatuko dizkigu liburuaren eitearen gainekoak: deskribapen luze eta zabalak, elkarrizketa labur gutxi batzuk, pertsonaien barne-gogoetarik batere. Lagin argigarria da 46. orrialdeko azken paragrafoa: “asfaltoaren bestaldeko muino marraskatuan gorri bizia da lurraren tonua eta beltzak hegaletako zulo ugarien sarrerak. Aire aratzean barrena uso saldo bat dabil hegan, transformadore-etxola erori baten inguruan (…) Hotzak dira mortutik datozkien boladak, hotza lumadi harrotuaren azpiko urruma”. Hala, paisaiak (naturak batzuetan, zibilizazioak besteetan) hartzen duen garrantzia handia nabarmendu behar da, pertsonaien barne zerak laguntzeko, narrazioak aurrera egiteko, liburuaren ikuspegia osatzeko. Eta tonu gris samarra gailendu zaio kontakizunari, erauntsia lehertu aurrekoaren antzekoa, deserosotasun puntu batekin, oro har: “burua altxatu du eta une horretan ordoki mortuko zeru zati bat ikusi du eta haren argipean euri tantak dilindan lur gaineko landare ihartuen zurtoinetan”. Beste adibidetxo bat, eta barka otordua egin berritan bazaudete: “komuneko egurasgarriaren kiratsa aditu du lehenik emakumeak. Gero, nahasirik, zigarroen kea eta behin eta berriz berotutako olioarena”. Pertsonaiak eurak ere ildo bertsuan marrazturik daude, Martin protagonistarekin hasi eta pasatu baino egiten ez den azken morroiarekin bukatu arte. Pentsa, bi irribarre baino ez dira egiten liburu osoan zehar. Eta dena lurralde aseptiko batean zehar, erreferentzia geografikorik (erreal edo fikziozko) gabe ia: “tenore horretan hegoalderako autobus bat gelditzen dela arratsero”.

Baina hara non, eta pare bat zertzeladarekin, irakurleak hamaika hitzen artean aurki ditzakeenak baino hamaika kontu gehiago aurkituko dituen. Martin eta Inazioren arteko solasean, adibidez, ia ezer esan gabe zenbat esaten den, zahartzaroaren txerrikeriaz, baina baita gurean hain ohikoak diren elkarrizketa horiez ere, hitzak urri eta keinuak ere, sobera ez. Irribarreak bi, baina konparazio bakarra harrapatu dut liburu osoan zehar, El Coplillas-en ahotik ateratakoa: “askori galapagoak jotako ardiei bezala gertatzen zaiek (…) egun batetik bestera, tristatzen hasten dituk, eta, halaxe, egunetik egunera tristeago, eta halako batean … adios”. Eta konturatu gabe, zeinen zorrotz deskribatu dituen Lizarralderen pertsonaiok, eta liburu oso baten gogoa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak