kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Mandatariaren gerra / Jose Inazio Basterretxea / Elkar, 2008

Fikzio usaina Ion Olano / Gara, 2008-07-05

Hiru data hauen artean (1938, 1958, 2008) kokatua dago Mandatariaren gerra liburua. Izenburua irakurrita, aise pentsa lezake batek gerraren gainekoa dela. Eta izan, hala da. Liburuak 36ko gerra du oinarri, kontakizunean guduetarako lekurik egon ez dagoen arren. 1938an, I.M izenez ezagutu dugun mandatariak Pirinioetara joateko agindua jaso du, Bielsa herrira, zehazki. Bertan, Antonio Beltran el Esquinazau komandante errepublikarrarekin bildu beharko du, eta erretiratzeko orduan indarretxe estrategiko bat leher ez dezaten eskatu, Elkartasun Elektriko Nazionalaren aginduz. Indarretxea ez suntsitzeko argudioa: 5 milioi pezeta maleta batean sartuta.

Hogei urte geroago, gerrako iheslarien eskariz gertakari horiek ikertu ondoren, Alberto Miguel Cardenas Foix kazetariak erreportaje sorta idatziko du Parisen, eta Mexikoko “El Excelsior” kazetan argitara eman 1958an. Fikziozko erreportaje sorta hori da, 11 ataletan banatua, 2008an Jose Inazio Basterretxea Polok (Galdakao, 1959) nobela labur gisa VII. Augustin Zubikarai sarira aurkeztu duen lana, baita saria jaso duena ere. Gerrako pertsonaien artean, ez-ohiko protagonista hautatu du Basterretxeak: frontera usain txarreko aginduak daramatzan mandatari misteriotsua. Gertakari historikoetatik edan du literatur fikzioa idatzi eta kazetaritza lan gisa aurkezteko. Izan ere, nobelan kontatzen diren Bielsako gertakariak, eta oro har gerra-garaiko informazioak, hain dira ilunak, ezen kazetariak behar izaten baitu irudimenaren laguntza pieza solteak osatuko baditu. Sinesgarritasuna, ordea, kontuan hartzeko ezaugarria da literaturan nahiz kazetaritzan, biak ala biak fikzio diren neurrian.

Ez naiz ni izango idatzizko bi diziplina hauek, literatura eta kazetaritza, kontrajarriak edo erabat desberdinak direla esango duena. Etengabe elkar elikatzen dutela esatea ere ez da gauza berria. Basterretxeak kazetaritzaz jantzi du kontakizun literarioa, edo, nahiago bada, alderantziz. Esango nuke, baina, jantzia handiegia zela (edo, nahiago bada, txikiegia), alegia, testuari ez zaiola jantzi egokia jarri. Kontakizunak badu aski interes, irakurketak bizkor eta erraz egiten du aurrera. Kontatzeko era, ordea, trabagarria iruditu zait. Besteak beste, itun fikzionala (idazlearen eta irakurlearen artekoa, fikzioan gaudela gogorarazten diguna) bi aldiz planteatzea eskatzen diolako irakurleari: batetik, sinetsi behar du horrela izan zirela 1938ko gertakariak, eta bestetik sinetsi behar du horrela kontatu zirela 1958an. Jauzi bikoitz horrek istorioari kalte egiten diolakoan nago. Bereziki, ez direlako zaindu kontakizuna sinesgarri egin zezaketen elementuak.

Liburuko erreportajeetan ez da erabili datuetan eta esanetan oinarritutako ohiko kazetaritza idazkera eta, horren ordez, usteek eta irudimenak elikatutako idazkera literarioa hautatu du Cardenas Foix kazetariak. Espekulazio sinesgarriak egitea omen da asmoa, baina zeregin horretan ez dute larregi laguntzen elkarrizketek, metaforek, balorazio etengabeek, adjektiboen erabilera gehiegizkoak. Ene gusturako, erreportajeei fikzio usain nabarmenegia darie. Bestalde, gertakizunak berak idazkeraren bizkortasuna justifikatzen duen arren, gauzak azkarregi kontatu direla iruditu zait: I.M mandatariak Bielsara egindako bide korapilatsua, El Esquinazau-rekin izandako enkontrua, Paul mugalariarekin izandako maitasun afera eta Pirinioetatik aldentzea. Horrek guztiak idazkera pausatuagoa eskatzen zuela uste dut, eta agian erreportajeen jantzirik gabe lasaiago ibiliko zela kontakizuna.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak