kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Abaraska / Asel Lusarraga / Txalaparta, 2008

Autore bat pertsonaia bila Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-06-29

Pirandelloren antzerki obra hartan autore bila zebiltzan sei pertsonaiak alderantziz ikusiz, Asel Luzarragaren Abaraska eleberri honetan idazle-gai bat doa pertsonai bila munduan zehar; baina, ziriari zotza sartuz, idazle izar batek pertsonai bat gehiago bihurturik ikusiko du bere burua idazle-gaia eta, Unamunoren Nieblako Augusto bezala, kontu eske ibiliko zaio nonbait idazleari: produktu hau “eskuetatik jausten ez zait ba!”. Tabernetan, kale eta parkeetan, geltokietan edo hegazkinetan, edonon ikusten dituen jendeen keinuak, aurpegiak, mugimenduak, janzkerak, jarrerak eta nahi adina abar joanen da iltzatzen idazle-gaia bere ohar kaierean, egunen batean horietako batzuk aukeratu eta, elkarrekin erlazionatuz, bere ametsetako maisu lana, behin betiko eleberria idazteko asmoz.

Karonte eta Mozorroaren xarma izenburuko bertze bi nobela eskaini digu aurretik Asel Luzarragak. Zientzia-fikziozkoa lehena, intrigazkoa bigarrena, Euskal Herritik mundu globalizatu batera jauzi egiten dutenak biak, zibernetika eta interneteko komunikabidea lagun. Abenturak, imajinazioa, umorea —esperpentoraino eramana bigarrenean—, sexua, maitasuna, botere egarria, ustelkeria… nahastuz, produktu entretenigarriak lortu zituen haietan. Hirugarren hau, Abaraska, arnas sakonagokoa dugu, bai egiturari, bai gogoeta meta-literarioei irekitzen dizkien bideei dagokienez.

Bederatzi istorio txertatu ditu egileak, nahitako desordenu batean, baina abaraska baten antza egituratuak. Horrela, erleen gelaxka indibidualizatuetan du habia istorio bakoitzak, baina, hexagonotxoak bereizten dituzten holtzek nolabaiteko osmosi joko bat baimenduko balute bezala, istorio bakoitzaren protagonistek lotura narratibo xumeak dituzte hurrengoarenekin. Metafora halako bat, gaurko mundu globalizatu honetan elkarrekin eta azaleko harremanetan gurutzatzen diren hari zenbatezinena.

Pertsonaia xelebreak ditugu protagonistak, nor bere zoroak bizi du: idazle-gai gogoetatsuaz gain, neska dantzari porno bat, folklore azoketan maskara etniko bila doan bildumagile bat, Guinnesseko errekorra gainditu nahi duen serieko hiltzaile bat, porrotak sortzen omen duen inspirazio bila sexu harremanen inguruko frustrazioak metatu nahi dituen pintore bat, ahalik eta hizkuntza gehien ikasi nahi duen Afrikako etorkin bat, bake ikurren bila dagoen palestinar bat, buruzapi islamiarraz libratu nahi baina ezin duen neskato bat (honi, narratzailea bigarren pertsonaz aritzeak areagotzen duen samurtasun bereziagoa dario), eta drogazale aberaskume bat, haren aitak droga legaletan sartuko duena azkenik enpresari ezjakin eta ohoragarri bihurtzeko bidean. Asian, Europan, Afrikan eta Amerikan barna ibiliko dira guztiak, Euskal Herrian bukatuz ibilerak haietariko batzuk. Umore senak, ironiaren zentzuak, imajinazioak eta mundu ikuskerak leku landuagoa dute aurreko nobeletan baino. Istorio bakoitza hiru azpiataletan kontatzen da, eta azpiatal hauek gurutzatzen dira, elkarren artean txertaturik, ez “pertsonaiek istorioan daukaten hurrenkera logikoarekin, sortuak izan ziren hurrenkerarekin baizik”, Luzarragak berak dioen bezala. Aurkibideak ematen dio aukera irakurleari, istorio bakoitza nahi duen ordenuan irakurtzeko.

Ez dakit ez ote zaion sofistikatuegia atera egitura. Baina istorioen xelebrekeriek lanari ematen dioten puntuak, imajinazioak, umoreak, hala arte eta literatura sormenaz nola bizitzaz hausnartzeko narrazio bildumaren sujerentziek, kitzikagarri egiten dute irakurketa. Niri ez, ez zait eskuetatik jausi eleberri hau.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak