kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Oro bare / Ibai Iztueta / Utriusque Vasconiae, 2008

Arruntasunari gorazarre Ion Olano / Gara, 2008-06-14

Ahularen posea hartu du Ibai Iztuetaren (Zegama, 1977) ni poetikoak, bere hitzak artistatzat jotzen ez dituen eskulangile saiatuarena. Aitarekin batera Orixe-ren gutunak bildu ondoren (“Orixe. Gutunak. 1917-1961”. Utriusque Vasconiae, 2006) bere lehen literatur emaitza da Oro bare, Utriusque Vasconiae argitaletxearen “Egunero irakurtzen delako” saileko lehenengo poema liburua.

Zer idatzi du Iztuetak? Berrogei olerki inguru irakur ditzakegu bere liburuan, epilogoaz eta hitzaurreaz gainera, lau ataletan banatuta. Baina, funtsean, hiru genero landu ditu: epika, lirika, eta mistika. Lehenengo atalean, “Epikaren behi begiak” deiturikoan, egunerokotasunaren higaduraz mintzo zaigu poeta, heroitasunik gabe, dotore. Esanguratsua da atala ixten eta biribiltzen duen “Ahulena” poema, baita “Sentikizunik hutsena” deiturikoan ageri den esaldi hau ere: “Ausartak lurpean; zuhurrak eta koldarrak/ kale eta etxeetan”. Poema epiko berezi hauen artean, badira aipagarriak diren batzuk: esaterako, liburuari izenburua eman dion “Oro bare, Literatur baliabideak eta Itzulera”. Azken hori iruditu zait bildumako alerik biribilena, antologiaren batean paratzeko modukoa. Bada poema batean ageri den irudi bat, nahiko adierazgarria iruditu zaidana: jaioterritik ekarritako errege-sagarrak egunkari paper gainean utzi ditu, ilusioz beterik, norbaitek. Atzoko sagarrak dira, gaurko egunkarian jarriak, bihar jateko.

“Dembora presentea eta dembora pasatua / acaso daude biac presente / dembora futuroan, / eta dembora futuroa contenituric / dembora pasatuan”. T.S. Eliot-en hitzak dira, Gabriel Arestik euskarara itzuli, eta Iztuetak “Totel lirikoa” atala zabaltzeko erabili dituenak. Maitasun sentimendu zabal eta aldakorrez mintzo zaigu atal honetan, sententziarako asmorik gabe, lotsati, ia totelka. Usain klasikoa dute erreferentzia batzuek (Ariadna eta zezenburua, Cira, Lesbia), baina poeta ez zaigu atzozale agertzen, ez zaio antzematen postmoderno azaltzeko borondaterik ere. Eskertzekoa da efektismoaz baliatu ez izana, poemen indarra amaierarako utzi ez izana, gaiak eta fokatzeak ezberdinak izan arren, tonu orokorra mantendu izana. Mistikara iritsi aurretik, bada atal bat “Ez azkarra, bai saiatua” izenekoa. Iztuetaren ni poetikoak kontatzen digu nola barneratu duen “saiatua” izatearen balorea, denboran kokatu du gertakizun hori, luzera ertaineko hiru poemez osatutako atal triptiko honetan. Ukiezinari heldu dio “Mistika hutsa, kaferik gabe” atalean, gure konkretutasunean eragina duten zera abstraktuei. Zakurren izaera misteriotsuari, esate baterako, bizitza patxadatsua hautatu dutenen barne-borrokei, besteen hilobietan ikusten ditugun bakarmortuei, hizkuntzen integrazio bitxiari. Leon Felipe-ren harria herri bihurtu du poema batean, Arestik arestian egina zuen bezala, eta errezo berezia egin dio Santa Maria Jaungoikoaren amari.

Nola idatzi du Iztuetak? Eskulangilearen antzera, mimoz, loramenduei eutsiz, formaren eta mamiaren artean oreka mantendu nahian bezala. Normaltasunaren epika, lirika eta mistika topatuko ditugu Oro bare-ren orrietan: arruntasunari egindako gorazarrea. Iztuetaren ni poetikoak ez du munduaren egitura zalantzan jartzeko asmorik (“Garenaren neurri abegitsura / eginak gaude”), eta egitura poetiko berritzaileren bat ageri den arren, apurtzaile izateko asmorik ez zaio antzematen. Badira poema luze samar batzuk (“Artola detektibearen peskiza”, “Theoria Astroliricae”), nire gusturako gorabeheratsuak, baina egitura poetiko interesgarriak erakusten dituztenak. Baretasunaren erdian, bihar, gaur eta atzo artean, gustua ematen du horrelako liburuak zabaltzeak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak