kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mandatariaren gerra / Jose Inazio Basterretxea / Elkar, 2008

Artifizioaren distortsioak Beñat Sarasola / Berria, 2008-06-15

Urte honetako Agustin Zubikarai Sariaren irabazlea izan da Jose Inazio Basterretxearen Mandatariaren gerra hau. Nobela labur bat dugu beraz honakoa, zehazki, Espainiako Gerra Zibileko azken hilabeteetan Pirinioetan, Aragoi eta Frantzia arteko mugan kokatutako kontakizun laburra. Hala, euskal literaturan azken urteetako joera nagusietakoa bihurtu denean kokatzen da nobela hau ere, esan nahi baita, 36ko gerrako memoria historikoa berreskuratzen duten nobelen artean; berrienak aipatzearren, Jokin Muñozen Antzararen bidea eta Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan.

I.M inizialekin baino ezagutzen ez dugun protagonistak Elkartasun Elektriko Nazionala enpresaren mandatu bat helarazi behar die Pirinioetan geratzen diren indar errepublikar batzuei. Antonio Beltran, Esquinazau, komandantearengana joan eta EEN enpresaren interesen alde, berau diruz erostea du helburu mandatariak. Egitasmo horren inguruko gorabeherak dira, bada, liburu honetan kontatzen direnak; Beltranengana iristeko bide korapilatsu zein nekeza, berarekin izandako enkontrua, eta itzulerako bidaia are korapilatsu eta nekezagoa.

Istorio hau kontatzeko, baina, Basterretxeak ez du erabiltzen ohiko narratzaile orojakilea. Artifizio literario bat osatuz (Bernardo Atxagaren Soinujolearen semeakoa gogorarazten duena), Alberto Miguel Cardenas Foix izeneko erreportari baten bidez kontatzen zaizkigu gertakizunak, hauek jazo baino hogei urte beranduago, 1958an. Liburuan aurkitzen duguna, funtsean, hasierako eta amaierako bina orri eskas kenduta, Cardenasek El Excelsior egunkarirako idatzitako erreportajea da, zeinetan mandatariaren istorioa kontatzen baita. Liburuak proposatzen duena eta bertako argumentua aski interesgarriak dira, baina uste dut batez ere bi puntutan dituela arazoak nobela labur honek.

Alde batetik, arestian aipatu artifizioak kazetaritza-idazkera eskatzen du, baina balizko erreportajeko idazkera ez da bereizten ohiko hizkuntza literariotik: zuzeneko narrazioa eta dialogoak, metaforen erabilera, protagonistan fokalizatutako narratzailea etab. Erabili daitekeen desenkusa, idazkera hau kazetaritza molde literario baten eredua dela izan daiteke; baina, haatik, uste dut hobeto landu zitekeela nobela egiantzekotasunaren mesedetan. Inpresioa izan dut idazlea galdu egin dela nolabait kazetaritza eta literatura arteko mugan.

Beste alde batetik, uste dut argumentuak arnasa luzeagoko kontakizun bat eskatzen zuela. Istorioan zehar gertatzen diren jazoera ugariek garapen landu eta konplexuagoa behar zutela, alegia. Mandatariaren eta Paulen arteko erlazioa, adibidez, oso bizkor kontatzen da eta eskematikoegia eta ñabardurarik gabe geratzen da. Antzeko zerbait esan daiteke mandatariaren beraren eta Beltranen arteko enkontruaz, zeina, gainera, argumentuko une zentraletakoa baita. Nago mereziko lukeela halako pasadizoak patxada handiagoz kontatzea, Pirinioetako paraje eder horien deskribapen landuagoak egitea…

Azken buruan, bi puntu hauek iturburu bakarra dute, hots, istorioa kontatzeko idazleak erabilitako erregistroa. Basterretxeak kazetaritzazko egitura bat erabiltzen du, eta horrek justifika lezake kontakizunaren laburra, baina idazkerak distortsioak eragiten ditu. Beste aukera bat, kazetaritzazko artifizio honi uko egin eta nobela luze eta estandarrago bat egitea zatekeen, argumentu interesgarri hau egokiro landu eta garatzeko.

Nolanahi den, erraz irakurtzen den liburua dela ezin ukatu, eta eragozpen hauetatik landa, tarte atsegin bat pasatzeko modua lor dezake agian irakurle batek baino gehiagok.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak