kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bi hitz / Garazi Goia / Alberdania, 2008

Amodio galduaz Javier Rojo / El Correo, 2008-05-10

Garazi Goiak argitara ematen duen lehenengo nobela da “Bi hitz” izenburuarekin argitaratu den liburu hau. Lehenengo liburua du, baina idazlan interesgarria da oso, ibilbide sendo baten abiapuntua iradokitzen duena. Argumentuaren hasiera amodioa hausten den momentuan kokatzen da. Narratzailea ere baden protagonistak ikusten du nola bere bizilagunak erabakitzen duen beraien arteko harremana haustea, berak, lana dela medio, Ingalaterrara joan behar duenean. Istorioa neurri handi batean protagonistaren buruaren barruan gertatzen da, nobelan zehar haren dudak, pentsamenduak, obsesioak kontatzen baitzaizkigu.

Harreman afektiboen gaineko istorioa dugu hau, amodioak, adiskidetasunak eta sexuak pertsonaiaren inguruan triangelu berezia osatzen dutelarik. Emakumeek idatzitako literaturan ohikoa dirudi harreman afektiboei buruzko istorioak agertzeak. Dena dela, onartu behar dut, estatistikaren faltan, hau inpresio bat baino ez dela, agian aurreiritzien ondorioz sortua. Edonola ere, inpresio hau benetako izango balitz bezala jokatzen da askotan. Gauzak honela, emakume literaturari uste izateko zaion gai baten aurrean gaude liburu honetan. Gai hori garatzeko idazleak heldutzat hartzen du irakurlea, eta euskal literaturan askotan ikusten duguna ikusita, eskertzeko modukoa iruditu zait jarrera hori. Beste aldetik, idazkera eta nobela teknika ere aipatzeko modukoak iruditzen zaizkit, modan jarri den kontzeptua erabilita, nobela “dekonstruitu” egin duela esan bai-taiteke. Hau da, istorioa garatu beharrean, istorioa eraikitzeko behar dituen osagaiak eskaintzen zaizkio irakurleari. Osagai horiek batzuetan inpresio batzuk baino ez dira, besteetan, eskutitzak, amets bat edo beste, edota lehenengo pertsonan kontatutako narrazio zati kanonikoagoak. Eta material hauekin guztiekin irakurleak protagonistaren barne-prozesuaren berri izango du. Amodioa, edo hobeto esanda, amodio galdua obsesio bihurtzen da protagonistaren buruan, harreman desberdinen artean galduta ikusten dugularik, bere lekua, amodioa galdu osteko lekua, bilatu nahian. Izan ere, protagonista osatu gabe sentitzen da egoera horretan, bestearen presentzia nahitaezkoa iruditzen baitzaio osorik dagoela sentitzeko.

Agian ohiko istorio arrunta izango da, baina idazle trebe baten eskutik ondo kontatzen denean, istorioa eta irakurlea errespetatuz, zerbait berezi eta bakana eskaintzeko ahalmena du.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak