kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Zulo bat uretan / Iñigo Aranbarri / Susa, 2008

Pirotekniarik gabe Beñat Sarasola / Berria, 2008-05-04

Iñigo Aranbarrik Zulo bat uretan honekin bere bigarrengo nobela publikatu du, 1994. urtean argitaratutako Emon biar yako haren ondoren. Euskal literaturaren neurri txikian bada ere, esan daiteke honako hau dela udaberri honetan argitaratutako euskal liburuen artean ikusmin handienetakoa sortu duen lana. Ikusmin justifikatua, irakurleak liburua irakurri ostean konprobatu ahalko duen legez.

Nobela hau Imanol Arellano kazetariaren inguruan osatutako kontakizuna da, ia kasualitatez Itoizko herrian urtegia dela-eta egiten ari diren hobi hustuketen inguruan ikertzen ari den kazetariarena. Dena den, liburua horretara mugatzea aski injustua da, kontakizun honetan hamaika istorio gurutzatzen baitira, zeinak sarritan elkarren artean lotura agerikorik ez baitute. Aranbarrik bat egiten du Koldo Izagirrek maiz aipatu izan dituen ideiekin. Irakurlea ez inozotzat hartzea, gehiegizko esplikazioak baztertzea (ikus, esaterako, pertsonaiak ez dituela ia sekula aurkezten), elipsi famatuaren erabilera etab. Idazkera etena, zuloduna, bada. Aranbarrik, ordea, paragrafo nahiko kriptikoen ondoren esaldi zuzen eta zorrotzak erabiltzen ditu askotan —“Hamar urte daramat Estirekin. Ez dakit beste bat egingo dugun. Ez gabiltza ongi”—, narrazioaren erritmoa ezustean hautsi eta balizko irakurle erdi-lokartua esnarazten dutenak. Idazketa era honek eragiten du arestian aipatu istorioen multiplikazioa, kontatutakoak ez kontatutakoak bezainbateko garrantzia duelako —“Eta hitzak ez datoz”— eta ebazten ez diren istorio ugari iradokitzen direlako. Hilotzen istorioaz aparte, hor daude Graf Spee korazatuarena, Oscar eta Maiterena, Imanol eta Estirena, erredakzioko sabotajearena…

Bestetik, azkoitiarrak suspensearen teknikak erabiltzen ditu maiz irakurlea istoriora lotzeko —kapitulu amaierak, adibidez—, baina beren erabilerak ez dauka zerikusi handirik suspense-nobela standarrekin. Hemen argumentua ez baita liburuak gordetzen duen eta irakurleak ebatzi behar duen sekretua, kontakizuna ez da suspensean agortzen; horregatik, Juana Ardanazen hilotzaren istorioa ez da, zenbaitetan kontrakoa badirudi ere, nobelako puntu zentrala. Akaso garrantzitsuagoa da Oscarrek Imanoli, eta bidenabar irakurleari, leporatutakoak —“hik piroteknia maite duk”— iharraren tabernan. Nobela morala baita azken batean honako hau, zenbait galdera etiko azaleratu eta beste zenbait ideia eztabaidaezin kolokan jartzen dituena: europarron jarrera hipokrita etorkinekiko, kazetariaren egitekoa, II. Mundu Gerra, Argentinako diktadura, naziak, makiak…

Lehenago esandakoaren ildotik, liburu honek irakurleari esfortzua eskatzen dio, irakurketa adi eta estua. Baliteke, batez ere hasieran, irakurleak galdu antzean sumatzea bere burua, neronek ere zalantza egin dut behin baino gehiagotan mekanismo narratibo batzuen gainean —ez ditut argi ikusten oraindik Oscarren monologoak—; baina uste dut Aranberriren prosa berezira ohitu ahala azkenean aurrera egitea merezi duela. Azkenaldian entzun dira zenbait hots esanez literatura mota batentzat —eta liburu hau hor sar litekeela pentsa dezakegu— akaso ez dagoela lekurik euskal literaturan, marjinatzera kondenatua dagoela. Edonola ere, irudipena dut ez ote garen apur bat exageratzen ari; Zulo bat uretan ez da nobela erraz-erraza izango, baina uste dut pazientzia apur batekin lasai asko eta arazo larririk gabe irakur daitekeela. Liburuaren Egunaren harira agertutako salmenten zifrek ere asuntoa erlatibizatu dute pixka bat, Zulo bat uretan izan ei baita euskarazko libururik salduena.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak