« Ez dago ilusio faltsurik | Kubara bidaia »
Bizitza homeopatikoak / Xabier Mendiguren / Susa, 2008
Euskal epikureismoa proban Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-04-20
“Lehenik, juduei egokitu zitzaien…” parafrasea genezake poema haren hasiera, askok Bertolt Brechtena zelakoan ezagutu genuen baina Martin Niemüller nazismoaren aurkako bertze borrokalari handi batena den hura. Mezu horrek egiten du oihartzun gure belarrietan Xabier Mendigurenen azkeneko narrazio liburuan.
Bi historia bildu ditu. Ezberdin samar egitura narratiboaren aldetik, estu-estu loturik biak idazleak jorratu duen filosofiaren altzoan: batasun handia eman dio liburuari, errepikakor izan gabe, ez tonuan ez forma literarioetan.
Niemüllerren doinu malenkoniatsuko salaketak zuzenean jartzen du gure adimenaren aurrean nazismoaren holokausto zehatza, heriotza zientifikoki ugaritua, eta, memoria historikoa lagun, lazgarri suertatzen zaigu. Bertze dimentsio arruntago bat, eguneroko bizitzan konturatu gabe ere gerta dakigukeenaren dimentsioa, eman nahi izan dio Mendigurenek bereari: protagonistak, Niemüllerren poemako aitorlea ez bezala, ez dira inkontziente, ez dute itsuarena egiten inguruko kontuen aurrean; liburuaren tituluak argi adierazten du harmonian eta orekan antolatu nahi dutela bizitza protagonistek, begi bistan eta hur-hurrean dituzten presio eta arazoen artean; homeopatiaren metaforaz baliatzen da idazlea (eta narratzaile bat) erakusteko nola eraiki nahi duen bakoitzak bere bizitza arrunta, handinahi berezirik gabe eta betiere eramangarria. Jende xaloen filosofia, haren epikureismoaren kutsu onargarriarekin. Bizitzaren sentimendu homeopatikoa izeneko narrazioan zehatz-mehatz aitortzen du kontariak planteamendu filosofiko hori. Baina bigarrenean ere, Bizitzako garairik onena-n, oreka horixe du eredu protagonistak berdin. Eta protagonista biak suertatuko dira gertuko errealitatearen sare saihestezinetan harrapaturik, Euskal Herriko gaurko giro politikoak edonori para diezazkigukeen sareetan preso, euren ametsetako oreka apurturik eta bertze oreka modu bat bilatu beharrean.
Alta, bi narrazio desberdin, pertsonaien bizimoduan, familia giroan, gertaeretan… eta dena kontatzeko moduan. Lehenbizikoan, arinago, autoironia garbi batekin (mezuari indar handiagoa emate aldera), protagonistak kontatzen digu bere bizitza eredua, bere gorabehera apalak, ezusteko bukaera (berarentzat ere ezustekoa) duen istorioa. Maisuki garatu du Mendigurenek kontakizuna, narratzaileak istorioaren amaierako bere sorpresaren inpresioa irakurleari ere transmiti diezaion: etengabe desbideratzen gaitu etengabe aipatzen digun kontakizunaren itxurazko muinetik, tartean bere bizitzaren zertzeladak txertatuz, azkenik narratzaileak jaso duen ezustearen neurria geuk ere gureganatzea lortzeraino.
Bigarrenean, hirugarren pertsonan ari da kontaria. Pisu dramatikoagoa dute gertaerek. Gertutik ezagutzen ditu protagonistak arazoak, baina bere erara bilatu nahi du bizimodu orekatua, begiak itxi gabe baina distantzia batetik betiere. Orain ez da istorio amaieraren irrika narrazioari tentsioa emanen diona: drama baten etorrera susmatzen du irakurleak, pertsonaiak ezagutu ahala. Kontatzeko moduak eta erritmoak ematen diote giharra.
Irakurterraza. Diskurtso ideologikoetan erori gabe baina mezu politiko batera begira, ad hoc diseinatu ditu pertsonaia nagusiak mundu errealista baten erdian. Sinesgarritasun literario handiko eraikina, eta ez irakurketa bakarrekoa. Badago xelebrekeria bana bi historietan, baina funtzio narratibo efikaza betetzen dute, autoironiaren funtzioaren zerbitzuan batean, zama dramatikoa arintzeko bertzean, halako konplizitate keinuak zuzenduz irakurleari.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez