kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Adio, Euskal Herria / Anonimo Islandarra / Hraun, 2007

Liberalak eta nazioak Beñat Sarasola / Berria, 2008-04-06

Badirudi azkenaldian euskal literaturan anonimo eta pseudonimoak ugaritzen ari direna. Hor dago, esaterako, pare bat poesia liburu eta nobela bat argitaratu dituen Mikelats Gorroto edo egunkari honetarako literatur erreportajeak egiten dituen Kevin Heredia. Berriki, Anonimo Islandarra agertu zaigu nazionalismoaren kontrako panfleto honekin, zeina Internet bidez baino ezin baita eskuratu, www.lulu.com orrialdean.

Tonu polemikoz idatzitako saiakera txikia da honakoa, aitzinsolasean autoreak berak aitortzen duenez: “Jakin badakit liburu honetako aburu franko eskandalagarriak eta higuingarriak idurituko zaizkiola anitzi”. Abertzaletasunaren inguruko gai ugari jorratzen ditu modu zuzen, argi, eta euskara eder baten bidez. Bederatzi kapitulutan banatua, Euskal Herriaren nortasun eta historiari, euskarari, EAEko hezkuntzari, autodeterminazio eskubideari eta beste hainbat konturi buruzko gogoetak topatuko ditu bertan irakurleak, betiere ideia abertzaleekiko errotik kritikoak diren gogoetak.

Panfletoa, Euskal Herriko eguneroko bizitzan aurki daitezkeen zenbait gertaera eta ekintza kritikatzen dituenean dela batez ere eraginkor uste dut. Dela zenbait abertzaleren hipokrisia (euskarari dagokionez, esaterako), dela zenbait diskurtso erradikalen mintzaira exageratuak, dela euskcool-en abenturak… Liburua pasio gehiegizkorik gabe irakurtzen duen edonork aurkitzen ahalko ditu bertan hainbat komentario satiriko irrigarri, eta bati baino gehiagori erakutsiko dio bere zenbait jarreraren absurdoa. Zentzu horretan, panfleto zuzen eta eragile gisa, sarritan funtzionatu funtzionatzen du.

Alabaina, inpresioa dut bere kritika guztia oinarritzen duen argudiaketa teorikoak, sinplistegia izateaz gain, zorroztasun gutxi duena. Laburbilduz, bere jarrera nazionalismoaren auzian ultraliberal jakobinoa da, hots, iruditzen zaio nazioa baztertu beharreko kontzeptua dena, iruzur bat delako, benetan mundu zabalean naziorik —eta bereziki, euskal naziorik— existitzen ez delako. Muturreko jarrera teoriko hau defendatzea, gure artean nahiko arrakasta izan arren, aski lan zaila da, kontrargudio ugari egotzi dakizkiokeelako. Tradizio liberalean bertan ideia hauek sortzen dituzten arazoez ohartu dira zenbait egile, eta nazio kontzeptuaren zilegitasuna defendatu dute (adibidez, David Millerren On Nationality); zer esanik ez tradizio liberaletik kanpo (gure artean, erreferentzia inportantenak Joxe Azurmendiren lanak dira). Izan ere, Anonimo Islandarrak uste baitu liberalismotik kanpo kokatzen den oro eta, beraz, nazioen existentzia defendatzen duen oro ezinbestean atzerakoia, eskuindarra eta ia arrazista dela, eta ez du ikusten, filosofiaren historian autore ugarik seinalatu duten gisara, liberalismoa beste ezein ideologia bezain dogmatiko eta atzerakoia (edo gehiago) izan daitekeena. Gainera, beretzat nazionalista da nazioak modu batera edo bestera existitzen direna defendatzen duen oro, eta ondorioz, Euskal Herrian azken hamarkadetan sortutako egitasmo ugari lanabes nazionalistak baino ez dira bere aburuz; euskara batua, besteren artean.

Ez dudana oso ondo ulertzen da nola irudi dakizkiokeen inori liburu honetako ideiak “eskandalagarriak”, Prisa eta Vocento enporioetako komunikabideetan egunero halakoak hitzetik hortzera entzun daitezkeenean. Imajinatzen dut jendea dagoeneko ohitzen hasia izango dela. Hala, alderdi eskandalagarri bakarra ideiok euskaraz idatzita egotea litzateke, baina esan gabe doa, ez dago hori pentsatzea baino gauza nazionalistagorik.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak