kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Terra Sigillata / Joxe Austin Arrieta / Txalaparta, 2008

Testuen autonomia edo independentzia Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-04-06

Idazle baten eskutik ateratzen diren testuek badute hartzen bizitza propioa, egilearen asmoez haratago: irakurleak hartzen du parte birjaiotze horretan, hainbat eta emankorrago zenbat eta jantziago izan irakurlea. Horretan datza, zentzu sakonean, baieztapen zahar haren funtsa: alegia, egileak direla euren idazkien jujerik kaskarrenak. Dena dela, jakina, ez gorpu, bizirik baizik, jaio behar du testuak, irakurlearengan sormenaren zirrara eraginen badu.

Harriturik utzi ninduten Terra Sigillata-ren aurkezpeneko egilearen hitz batzuek: “Ezker abertzalea […] gorrotatzen baldin baduzu […] ez dezazula liburu hau irakurri”; gero, definizio zaileko liburua dela adierazi omen zuen, nobelatik bezala baitu saiakera literariotik. Nolabait, aipaturik sentitu nuen nire burua boutade hartan, baina are bulkatuago ere liburua irakurtzera, gutxi izanen balira egile honengan ezagutzen ditugun dohain literarioak.

Bada, irakurri dut gero liburua, poliki-poliki irakurri ere haren egiturak eta izaerak beharturik. Hain zuzen ere, terra sigillata puskak berriro loctite-tzeko lanak eskatzen dituen atentzio eta etengabeko berrukitzeekin, pitxerra ahalik eta hobekien berreraikiko badugu. Eta nire irakurketaren inpresio orokorrak eraman nau artikulua lehen paragrafoaren ideia jada topiko horrekin hastera: egilearen asmoez haratago, askoz liburu aberatsago baten aurrean gaudela pentsatzera, eta, beharrik, nobela gisako balioek hamaika geruzatan estaltzen dituztela saiakeraren balioak. Halako moldez non boutade mingots hura faltsua suertatzen den: ezker abertzale “konbentzionala” gorrotatzen dutenek ere oso modu fruitugarrian irakur dezakete nobela hau, betiere literatura landuaz gozatzen nekerik hartzeko prest badaude.

Segurik, bere gogoetak itzuli nahi izan ditu egileak obra honetara. Sentipen eta gogoeta kontraerrankorrak, orain hemendik orain hortik bulkaturik, eta halako osotasuna, koherentzia, eman nahi izan die, baina saiakera huts bat egin izan balu material horiekin, maingu atera zitzaiokeen, ene uste apalean: liburuaren pertsonaiak ez dira batere arruntak, ikasiak dira, filosofoak, idazleak…, leituak, bi muturretako argumentuak ezagutzen dituzte, eta ongi dakite erantzuten J.J. eta enparauen finezia zein gordinkeria literario eta intelektualei, baina badago gure artean bertze planteamendu anitz, arrunt sotilagoak, oso kritikoak ere ezker abertzale horrekin, obrako protagonistek ezta ukitu ere egiten ez dituztenak, ezagutuko ez balituzte bezala; saiakera gisa, pobre suertatu zatekeen absentzia hori.

Baina narrazio moduan antolatu ditu egileak lehengaiak. Metafora tzarra planteatu du, Euskal Herriaren irudi, T. Monzonena gogorarazten diguna, baina askoz dimentsio sakonagoak (espazioan, denboran, mitoetan, subjektibotasunean…) dituena. Egilearen alter ego delakoa ere terra sigillata bezain zatikaturik dago, sosias anitzetan barreiaturik, egoeraren aurreko eta unean uneko sentipen eta erreakzio gaitasunen arabera… Zer ez erran estiloaz, hitz eta ideien olgetaz, euskara jaso eta herrikoien arteko jolas horietaz, hizkera adierazkorraz, joko meta-literarioez, testu artekotasun kitzikagarriaz?…

Lan honek sortu didan zinezko liluraren arrazoi literarioetan luzatzeko lekurik gabe gelditu eta inpresio orokor bat ematera murriztuko naiz: ezker abertzale “konbentzionala” bizitzen ari den irtenbide gabeko dramaren elegia zirraragarri bat dugu hemen, erraietatik paperetara idazle sen sakon batek eramana. Egilearen asmoak gorabehera, ote? Literarioki zorionez edonola ere.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak