kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Irakurri / Askoren artean / Meettok, 2008

Irakurri, idatzi, irakurri… Mikel Ayerbe / Berria, 2008-03-30

Meettok argitaletxeak Irakurri liburua kaleratu berri du. Eta izenburutik igar daitekeen moduan, irakurtzearen gaia abiapuntu harturik hamaika idazki literario eskaintzen dituzte hamaika idazle hauek: Uxue Apaolaza, Pako Aristi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Angel Erro, Edorta Jimenez, Felipe Juaristi, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Eider Rodriguez eta Iban Zaldua.

Aitortzen dut irakurketaren gainean idazten dena irakurtzeko zaletasun nabarmena dudala (oraindik noiznahi irakurtzen dut Jon Alonsok Bazka atari elektronikoan idatzitako “Irakurri edo ez” artikulua). Eta aitortzen dut liburu hau argitaratu behar zutela jakin nuenean poz txiki bat hartu nuela. Hala ere, jakin badakit hainbat idazleren lanak gai baten bueltan mugatzen direnean hainbat arrisku ere izaten direla: enkarguz eginikoak izaten direlako, estilo askotako idazleen testuak biltzen direlako…

Irakurri liburuan ere hainbat motako testuak daude, baina gehienak entsegu edo artikulu gisakoak dira. Irakurtzea den ekintza bereziaren inguruan gogoeta egin ondoren sortutako idazkiak. Moldez edo formaz, bestelakoak dira Apaolazaren, Erroren eta Zalduaren testuak: gidoi literario gisako bat eskaintzen du aurrenekoak; bigarrenak, hiru poema solte utzi ditu; eta azkenak, ipuin bat idatzi du.

Gai bat eta bakarra abiapuntu izanik, zenbait gogoeta eta apunte idazle ezberdinen testuetan agertuko zaizkigu. Etengabe errepikatzen den ideia irakurtzea eta bidaiatzea parekatzen dituena da. Aurrez irakurria dut, idazleei irakurketa definitzeko eskatzen zaienean, bidaiaren metafora izaten dela ohiko erantzuna. Aristik, Canok, Juaristik, Landak eta Lertxundik horrela uste dute behintzat. Lertxundik koska bat gehiago eman eta irakurlea irakurketan murgiltzen denean sortzen den fikziozko denbora bereziaren gainean egiten du gogoeta. Irakurle bakoitzak dituen irakurketa erritualak edo maniak ere behin baino gehiagotan agertuko dira eta berriro ere, hainbat antzekotasun: trenean edo mantapean linterna batekin irakurtzearen zeremonia, liburuak erosteak sortzen duen zirrara, gaztetako irakurketa galduen nostalgia… Eta nola ez, idazleek behin eta berriz aipatzen dituzten beste idazleekin ere berdin: Zweig, Hrabal, Camus, Cortazar, Benjamin, Kafka…

Gaiak behin eta berriz errepikatzearenak bi alderdi ditu nire ustez. Batetik, idazleek irakurketaz aritzean antzeko gaiak jorratzen badituzte, zerbaitengatik izango da, konstante batzuk badiren seinale. Baina konstante jarri dudan lekuan, topiko hitza jartzen badut, beste ikuspegi batetik azter daiteke kontua, eta agian, zenbait gogoeta topiko hutsera mugatzen diren ikusi beharko da…

Esanak esan, aitortu behar dut liburuko hamaika testuak azkarregi irentsi nituela aurreneko irakurraldian, eta artikulu gehienak nahiko prebisibleak eta epelak iruditu zitzaizkidala (mea culpa, entsegu hauetako bakoitzak bere denbora eta tartea behar duela iruditzen baitzait orain). Dena den, hasieratik iruditu zitzaidan bikaina Zalduaren narrazioa. Lertxundi eta Juaristiren testuek ere aise gainditu zuten nire bigarren irakurraldia, Erroren poema erakargarriak bezalatsu. Baina beste zenbait artikulutan, ideia interesgarriak egon arren, entseguari osotasuna ematen ez dutela asmatu esango nuke, askotan irakurketaren inguruko ideia-jarioak transkribitzera mugatuz. Eta aitortu behar dut, Apaolaza, Borda eta Jimenezen testuak ez nituzkeela hor zehar gomendatuko.

Azkenik, liburuak kaleratu aurretik, tentuz eginiko edizio lan bat beharrezkoa dela agerian gelditzen da, liburuan zehar han eta hemen dauden akats ortografikoak edo tipografikoak aintzat hartzen badira behintzat.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak