kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ero / Jon Martin / Elkar, 2008

Ipuin labur eta laburtuak Beñat Sarasola / Berria, 2008-03-23

Jon Martinen Ero Igartza Sariaren bederatzigarren emaitza da, oiartzuarraren estreinakoa eta hemeretzi ipuin laburrez osatua.

Promozio orrietan eta liburu aurkezpenaren kroniketan irakurri ahal izan genuenez, liburuak erotasunean sakontzen du, “non dago normaltasuna eta erotasunaren arteko muga?”, jartzen du kontrazalean. Liburua irakurri ondoren, ordea, halakorik ia ez dagoela ohartuko da irakurlea, ezpada erotasunaren kontzepzio arin eta azaleko bat aintzat hartzen, behinik behin. Egia da ipuin gehienak pertsonaien eta bikote erlazioen barne psikologiara lerratuta daudela nolabait, eta horietako bat edo beste extrabagante samarra irudi dezakeela, baina hori guztia erotasunarekin lotzea pertigaz jauzi egitea da.

Ipuin gehienak, esan bezala, laburrak dira oso, dozena erdi orrialdetakoak asko jota, baina ez dute ipuin laburrei eskatu behar zaizkien tentsio eta indarrik. Izatez, narrazio gehienak ipuin landu eta garatuago batzuen zirriborroak iruditu zaizkit, errazkeriaz eta presaz ondutako testuak. Gehiago dira ipuin laburtuak ipuin laburrak baino. Ulertu ipuina, esate baterako, nobela batetako pertsonaia baten monologo txikia izan zitekeen; nola, ordea, ipuin oso bat?

Izan ere, hasiera batean ipuin laburren generoa aski tentagarria den arren, nola idatzi hala irakurtzeko, arrisku nabariak ere gordetzen ditu. Kontakizunen trikimailuak ageriegi geratzekoa besteren artean. Batzuetan, adibidez, Martinek aurretik agertutako elementu bat azaleratzen du ipuinaren amaieran, irakurleari ezustekoa eragiteko (Elurra, Lixiba) antza; baina kontua da halako espazio laburrean irakurleak gogoan duela oraindik elementu hori eta bukaeran berriro topatzen duenean efekturik apenas eragiten diola. Bestetik, narrazioa amaitzeko presa horren adibidetzat Loturak har liteke, non protagonistaren joan-etorri ugariak (familiarekin eten, hirira joan, atzerrira, mendiko txabola batera) kontatzen baitiren orrialde-erdi eskas batean. Lagunak-ez, dialogo hutsez osatutakoa narrazioaz, ere antzeko zerbait esan daiteke. Horrelako estilo apustuak ongi ateratzeko bereziki indartsua eta iradokitzailea behar du izan testuak berak, eta kasu honetan polizia baten eta xantaiazko salatari gazte baten arteko elkarrizketa telefonikoa azaltzen da, baina ez dut uste estilo soiltasun horrekin irakurlea kolpekatzea lortzen duenik. Badirudi, bada, idazleak pazientzia faltaz idatzi dituela narrazioak, amaierako efektuan konfiantza handiegia edukirik.

Arestian esan dugu zer edo zer liburuaren batasunaren inguruan, erotasunaren kontuak liburuko edukia laburbildu baino despistatu egin dezakeela irakurlea. Liburuak, baiki, ez du batasun handiegirik, aski irregularra iruditu zait tonu aldetik, zeina deigarria baita proiektu batetik jaio dela kontuan hartzen badugu. Hala, bukaera aldeko bi ipuin bereziki bereizten dira aurreko ipuinetatik, bata arrakasta handiegirik gabe (Geldi), baina bestea, liburuko azkenekoa (Hilko zaituen ipuina), narraziorik onena iruditu zait luzaz. Jolas gisara osatutako ipuina dirudi, liburua bitxikeria batekin ixteko pentsatutakoa, baina ohiko ipuin aurreikusgarrietatik aldentzen da. Agian norbaitek ipuina originala ez dela pentsa dezake (ideiak Vila-Matasen La asesina ilustrada gogora dezake, esaterako), baina uste dut eskertzekoa dela bere saiakera eta irakurle hau behintzat harritzeko abilezia izan du; nahiz eta lerro hauek idazten ari naizena ipuina eta liburua amaitu ez dudalako frogarik behinenak izan daitezkeen.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak