kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bagdadeko aurpegiak / Juan Kruz Igerabide / Erein, 2007

Bagdad larrutua Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2008-03-07

Munduan badira, edo izan dira, zenbait pertsona, haragizkoak izanik, azkenik haragitasunaz haratago joan direnak. Batzuk mito bihurtu dira; elezaharretako gai eta berba, besteak; espiritu huts gehienetan. Eredu moral ez direnak, adibide estetiko edo literario dira bilakatu. Haragirik gabe geratutakoan, are gizakiagoak dirudite, denboraren mugak eta arauak gainditu baitituzte.

Omar Khajjam poeta, matematikaria, astrologoa, musikaria, filosofoa aipatu behar, batez ere, besteen gainetik. Asko dira gizon horretaz idatzitako liburuak. Liburu sonatuak dira batzuk, Amin Maaloufen “Samarcanda” esaterako. Guregana haren Rubajat, iritsi dira. Rubaj hitzak lau esan nahi du, lauko bertsoak baitziren halakoak.

Juan Kruz Igerabidek Ali Khajjam deitzen duen gizona Omar Khajjamen itzal literarioa baino ez da, idazleak bere gogoetak eta bere kezkak plazaratzeko aitzakia gorpuztua. Bi plano ageri dira liburuan, bi denboraldiri dagozkienak hain zuzen. Lehen planoan Ali Khajjamen bizitza kontatzen zaigu, kalifen eta topikoa bihurtu den mila gau eta bat gehiagoko Bagdaden. Bigarren planoan amerikarrek eta aliatuek suntsitu duten Bagdad ageri zaigu, triskantzaren eszenategi. Bi plano horien bidez, irakurleari esaten zaio zer galdu duen gizatasunak Irakeko inbasioarekin..Bagdad, izan ere, aspaldiko Bagdad hura, zientzia eta poesiaren lurraldea zen. Aipagarria da Igerabidek sufien pentsamenduari ematen dion garrantzia. Sufiak mistikoak ziren, herri musulmanetan. Eragin handia izan zuten garai batean, ekialdean mendebaldean bainoago. Gaur egun aztertuagoa eta ezagunagoa ere bada haien dotrina. Sufi hitzak espiritualtasun klase bat adierazten du. Bihotz garbikoak izanik, Jainkoarengana zuzendu zituzten beren zentzumen guztiak, egia aurkitzekotan. Hain saiatuak izan ziren lanbide horretan ezen beren gorputzez ere ahantzi egin baitziren.

Krudelkeriaren eta gerraren aurkako liburua da hau, egiaren eta poesiaren aldekoa, alegia amodioaren gorazarrerako. Amodioa baita gizakia bere baitatik atera eta besteengana bultzatzen duen indar ikusezina.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak