« Bi klasiko | Herri gogoa eta dinosauroa »
Katamalo / Gotzon Barandiaran / Susa, 2007
Sokak Ion Olano / Gara, 2008-02-23
“Ez nire iritzia mezukeriatzat hartu, / naizena baino askoz beherago / makurtu gura dut burua, / gangarrak ederrago ditut kokospean”. Ohar horrekin hasten da Gotzon Barandiaranen (Larrabetzu, 1974) azken emaitza: Katamalo. Ez dakienarentzat (nik ere ez nekien), mozorroa da katamaloa. Aurpegikoa, gorputzekoa, arimakoa. Kasualitatea izango da agian, baina “pertsona” hitzaren etimologiari begiratuz gero, Grezia zaharrean “maskara” esan nahi zuela irakurriko dugu.
Gizakiez ari da Barandiaran, beraz. Hots, gutaz. Gure mozorroez, azalez, maskarez. Katamaloa ez da berez eusten, sokaren lotura behar du ezinbestez. Kasualitatea izango da agian, baina hala izendatu ditu liburuko hiru atalak: “Lar estutzen duten sokak nasaitu”, “Soka labur” eta “Izerdiak katamaloaren sokak usteltzen dituela profitatuz”.
Hitzen itxura, hitzen hotsa maite du Barandiaranek. Nabari da, esate baterako, “Bekokilun”-ari poema ederrean. Hitzen hutsa borrokatzen du poetak, eta halabeharrez, ahalegin guztiek dakarte hutsa. Eskertzekoa da Barandiaranek poesia erraz, bigunik ez egiteko egin duen ahalegina. Ez ditu, hala, itxitzat eman nahi izan zentzua eta arrazoia (bestela, ez legoke poesiarik).
Arestian aipatutako sokekin ez dut irakurketa logikorik erdietsi. Galdu egin dut poemen arteko haria, ez nekien zergatik zen soka batekoa bat, eta bestekoa bestea. Bigarren atalean argia da sokaren korapiloa, poema laburrak (aforismo lurrinez batzuk) bildu baititu “Soka labur” atalean. Beste bietan, berriz, soka eskuan nuela gelditu naiz. Katamaloari arrakala aipagarririk ikustekotan, horixe da: loturak laxoegi utzi dituela. Izan ere, nire antzeko irakurleak galdu egiten dira bidean.
Ale konkretuei dagokienez, atseginez irakur daitezke bildumako asko. Lehenengo atala zabaltzen duen “Ostondu sakon poza”, esate baterako, ixten duen “Hautsitako aulkiak”, soka labur batzuk ere bai; atzera begirako “Argazkiekin zorretan”, “Urtaroa falta zaigu” eta “Belaunikoaldia” atsegin handiz irakurri ditut, azkena bigarren orririk gabe nahiago dudan arren. Interesgarriak dira, era berean, “Negartiaren auhena” eta “Eskean”. Azken honi Maritxu eta Bartoloren solasaldi ezagunaren remake kutsua hartu diot. “Aldamioko gizonaren buruak” izeneko ale ederrari, berriz, Artze eta Sarri usaina. “Bakean uzten ez gaituen eskaria” poeman, errimarekin ahalegin eskergarria egin du poetak, egitura interesgarria osatuz (ABAB, DEFFED, eta abar), baina neurriaren irregulartasunak (eta ondorioz, erritmoarenak) zaildu egin dit irakurketa jarraia. “Ez da sinesgarri negartien auhena” delakoan, ordea, neurri irregularra edo inperfektoa izan arren, badu erritmorik, badu. Orotarikoak dira katamaloak, orotarikoak halaber haiek ikusteko erak. Liburuan nabari den zabaltasun horrek mesede egiten dio irakurlearen askatasunari, ez du berunez lurrera lotzen, baina akaso, atzera liburura itzuliko gaituen elementu gehiago falta ditu, katamalo konkretuak (norberak berea) osatze aldera.
Gaiei dagokienez, eguneroko bizitzako iturri amaigabetik edan du Barandiaranek (ba ote da egunerokoa ez den bizitzarik?). Poetak maskaratik maskarara egindako begirada gizatiarra gustatu egin zait. Atseginez joan naiz hiztegira, ulertzen ez nituen hitzak biluztera. Hitzen doinua ahosabaian gozatu dut, gozatu dut halaber poemetako zentzu zabalak estutzeko egin dudan ahalegina. Baina, esan dut arestian ere, liburua atzetik itxi ondoren, ez zait argiegi gelditu katamaloaren ideia. Argi zafraldiak izan ditut, bai, baina itzaletan gelditu zaizkit, lotu gabe, sokak.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez