kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Haragia / Eider Rodriguez / Susa, 2007

Ibai estali bat Aritz Galarraga / Gara, 2008-02-09

Imajinatzen dut Hondarraitz, Hendaiako hondartza, uda beteko egun zuri horietako batez. Itsasoari begira, eskuinaldean Dunbarriak, Tonbak, Bikiak. Ezkerraldean, berriz, Hondarribia, Jaizkibel, l’Espagne. Gauza guztiek beren lekuan dirudite, dena bare, dena lasai, zeru urdina goian eta hondar aleak oin azpian. Zerumuga ere lau, olatuak apenas, baratz ur azala. Marloiren bat, igual, zeruan bueltaka. Baina kontuz, hain bare iduri duen itsaso horrek gorde baititzake bere baitan korronterik arriskutsuenak, hondartzara bueltatzeko ahalegin oro ezaba dezaketen korronte ikusezinak. Ezen azalean mantso dirudien arren, ezusteko bat baino gehiago gorde baitezake itsasoak bere erraietan.

Nik, akaso, Haragia zuen aurretik irakurri duen irakurle honek, esango nizueke kontuz ibiltzeko bertako ipuinekin, kasu egiteko, ez baitira lehenengo inpresioan ematen duten hori: ur azalean ez dirudi aparteko ezer gertatzen denik, eta aparteko zerbait gertatzen denean ere ez dirudi aparteko zerbait gertatzen denik, baina ipuin bakoitzak sakonean korronte bizi-biziak ezkutatzen ditu. Garrantzi handiagoa du ipuinetan esaten ez denak, pisu nabarmenagoa du, sekulako uholdea dakar, esaten denak baino. Lerro artean irakurri beharreko ipuinak dira hauek, ohikoan baino areago. Liburua irekitzen duen narrazioa, Haragia, izan daiteke aipatzen ari garenaren adibide garbia. Irakurri eta gero esango didazue. Esku-eskura dago, Interneten, Susa argitaletxearen web orrian. Ikusiko duzue nola harrapatzen zaituzten bere korronteak.

Narrazio bilduma honetako pertsonaiek gogora ekarri didate, ezinbestean, Kirmen Uriberen poema hark esandakoa: “denok dugu barruan uhola dakarren ibai estali bat”. Hendaiako hondartzako morroiak, Buenos Airesera joan den neska gazteak, golf ondoko etxean bizi den bikoteak, gose greba abiatu duen presoak eta Korsikara abiatu den bere abokatuak, Goenaga andereñoak, senarra utzi duen emazteak. Denek dute, bor-bor, uhola dakarren ibai estali bat, lehentxeago edo beranduxeago bazterrak harrapatuko dituena. Aipa nitzake Haragia-ren gainean esan direnak ere, giza harremanez mintzo direla ipuinok, baina hori esatea ezer gutxi esatea litzateke. Zer liburuk ez du, aldez edo moldez, giza harremanez hitz egiten? Nahiago nuke, kasu honetan, irakurleak berak bizitzea hitz horien atzean dagoena, ezen bizi egiten baitira liburuko hamabi narraziook, bizi, Jose Luis Peixoto idazle portugesak esan zuenaren harira: “liburua irakurtzea bizi-esperientzia izatea nahiko nuke, irakurleak, liburua irakurri bitartean, bizi ere egiten duela sentitzea”.

Eider Rodriguezen bigarren narrazio bilduma den honetatik, beste kontu bat egin zait aipagarri, eta eskertzekoa oso: gaur egungo bizimoduaren erretratu gordina egin duela, erabilitako tonuagatik ikuspegi kritiko bat azaleratzen duena: “bikoteek footing egiten dute bidegorritik, etxeratutakoan dutxa eta entsalada hartuko dute, eta biharamunean lanerako egongo dira”. Edo, Tekla bat izeneko ipuinean, pertsonaia baten deskribapen hauxe egin duenean: “Anak bizitzan noizbait Santiago bidea egin izanaren itxura dauka, argala, ilea inoiz tindatu gabea, aurreztailea. Bero denean kalamuz edo zuntz naturalez egindako arropa janztea maite du, nahiz eta zabalegiak izan eta Joakini zereal zakua iruditu”. Irria erauzi didate gisa horretako esaldi eta pasarteek, sarkastiko interpretatu ditudan ateraldiek. Motz geratu naiz, beste behin, Haragia narrazio bilduma txukunari egin beharreko iruzkinetan. Barkatuko ahal dit irakurleak liburua irakurri ondorenean!

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak