kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Jainkoa harrapatzeko tranpa / Jon Gerediaga / Pamiela, 2007

Hitzaren arnasa lanbro Mikel Ayerbe / Berria, 2008-02-03

Fitola Balba Karpuki Tui liburuko Ehizakia azken poemako azken bertso-lerroetan honela zioen Jon Gerediagak: “Eta basoko bidean / jainkoak harrapatzeko tranpak / hutsik jarraitzen du”. Eta argitaraturiko bigarren poema liburuari Jainkoak harrapatzeko tranpa izenburua jarri dio. Bertso-lerro bat poema liburu baten izenburu bihurtzean eginiko joko hau abiapuntu egokia da poemon nondik norakoaz aritzeko.

Izan ere, Jainkoak harrapatzeko tranpa horretan poemak, bertso-lerroak, hitzak edota irudi poetikoak etengabe nahasten, lotzen eta korapilatzen dira. Horren adibide dira poema bat baino gehiago biltzen dituzten izenburuak —Ilunabarra I eta Ilunabarra II; lau Negupasak— eta ideia baten inguruan eginiko poemak —Demiurgoaren promesa eta Demiurgoaren gogoa kasu—. Angel Zelaietak sinatzen duen hitzaurreak ere hori bera adierazten du, Gerediagaren poemetako bertso-lerro eta hitzekin osatu baitu sarrera testua. Bertan nova angeologia terminoa erabiltzen du liburuan zehar agertzen diren aingeru eroriak, aingeru gorriak, aingeru ehiztariak edo aingeru elbarriak biltzeko. Baina hain agerikoak ez diren beste hainbat lotura ere egin ditzake irakurleak, poemok ematen baitute horretarako. Oreinak, Orfeoren txirula, intxaurrak… behin baino gehiagotan agertzen dira liburuan. Izenbururako aukeratu dudan Ur-lasterrak poemako “Hitzen arnasa lanbro” esaldia, Arnasa poemako “munduaren hasperena den behelaino honetan” esaldian berragertu zen nire irakurketan.

Egiturari dagokionez, urte sasoien arabera, hiru ataletan banatzen dira liburuko poemak: lehenengo atala Udaberria. Uda da eta bigarrena, Udazkena. Negua. Azkeneko atalean, aurrenekoaren izenburua errepikatuz, Udaberria. Uda, denbora zein bizitzaren etengabeko joan-etorria ematen du aditzera Gerediagak. Atalen banaketen kontu horrek Kim Ki-Duk zinemagile korearraren Bom yeoreum gaeul gyeowool geurigo bom (Udaberria, uda, udazkena… eta udaberria berriro) filmaren izenburua ekarri dit gogora (nahiz eta jakin poeta askorengan ohikoa dela denboraren iragaiteari buruzko poemak egitea). Urte sasoiekin bezala, naturako elementuei eginiko erreferentziek ere garrantzia dute poemen antolaketan. Musikari bati irakurri nion bezala, naturako irudiak erabat egokiak dira gure barneko gertaerak irudikatu eta ulertzera emateko. Naturako elementuekin eginiko metafora sotilek indar handia dutela, alegia, eta naturaren mintzoa unibertsala dela. Eta Jainkoak harrapatzeko tranpa honetan behintzat horrela da, basoan negurako biltzen diren intxaurren irudi esanguratsutik hasita.

Gerediagak Fitola Balba Karpuki Tui-ko poemetako estiloari edo idazkerari heldu diola iruditzen bazait ere, oraingo honetan poetak darabilen tonuak aldaketa nabarmena jasan duela agerikoa da. Poema askotan irakurriko dugu Bizitzari eginiko aldarria, bizitzeari eginiko kantua. Ez da kasualitatea liburuko lehen poema Beste kantu bat Auschwitz dela ere izatea eta han eta hemen, “bizitzaren iskanbila helduko da / mamu alaien inauteria edo Baina nik / mundua Bizirik da / esango dut burua altxatu gabe” bertso-lerroak aurkitzea. Une ezdeusak jainkotzeko ahalegina aitortzen da eta behin bakarrik bizitzea ospatu egin behar dela berresten, Hölderlinen aipuaren ildotik. Forma aldetik bereizten diren Zerrenda, Heriotza eta kimuak edo Bestea poemak ere bitxiak dira (azken hori bereziki), zerrendaturiko hitzen jolas amaigabearen erakusgarri.

Azken batean, ezaugarri hauek edo norberak aurkitu ditzakeen beste hainbatek erabat gomendagarria bihurtzen baitute jainkoa gure tranparen zuloan erori arte isilean koblaka dabilen poetaren mintzoa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak