kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bitartean heldu eskutik / Kirmen Uribe / Susa, 2001

Xake-mate Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-02

“Atsegin ditut zelai berdeak zabaltzen dituzten leihoak, / ezagutzen ez ditudan hiriak, ezagutzen nauten drogak. / Atsegin ditut erreboltak, bizikletak, kantuak, aintzirak, / etxe zaharrak, gorputz biluziak, betiko zalantzak, elurra. / Atsegin ditut atsegin direnak, egur usaina, neguko portuak, / lehengo kontuak, begirunea, egunez erditzen diren gauak”.

Bitartean heldu eskutik liburuko zazpigarren (eta azken) atalean irakur dakioke Kirmen Uriberi Zelai berdeak poema, eta bertan idazlearen barrenak ezagutu ditugula iruditu zaigu. Izan ere, gereziondoak, pagoak, urkiak, zelai berdeak, itsasoa, mundu urruneko zein hurbileko hainbat txoko, droga zenbait, kartzelak eta gatibuak, gerra zahar eta berriak, halabeharrezko eta plazerezko bidaiariak, kondairak, maitasuna, mina eta hamaika kezka existentzial irakurri dizkiogu orrialdeetan.

Poesia moduan eman dizkigu horiek denak Uribek, hitz lauzko testuen tankera emanez gehienei, poetikotasuna kontatzen duen unearen eta irudiaren baitan zentratuz nabarmen. “Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun, /ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, / maitasun keinu bat besterik ez”. Eta maitasun keinu asko egin dizkigu Bitartean heldu eskutik honetan Uribek. Maitasun galduak, galdu gabekoak, ezinezkoak eta zinezkoak halako gardentasun gordin bezain xalo batekin aletuz. Eta maitasunak aurpegi asko ditu liburu honetan, munduan bertan bezala. Idazle maiteak, arrotz eta ezagun maiteak, toki maiteak, bizitzako une maiteak, usain maiteak, kolore maiteak, bidaiari maiteak… denek dute lekua poema liburu honetan.

Nostalgia, ironia…

Nostalgia ukituz ageri zaizkigu zenbait poema: “Inperfektua da hizkuntza, higatu egin dira zeinuak / errotarri zaharrak bezala, ibiliaren ibiliz. Horregatik, / ezin da esan Maitasuna, ezin da esan Edertasuna, / ezin da esan Elkartasuna, ezin esan. / Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz. / Ahaztu egin da antzinako legea”. Ironiaz beste batzuk, Bidaia kaiera: Buthan poema esaterako, Himalaya magaleko biztanle batek bisitari mendebaldarrei, ilargian dagoeneko pertsonen hanka-markak badirela jakitean, “eta zenbat sherpa behar izan zituzten / ura hara goraino eramateko?” galdetzen duenean.

Eta ironiaren torlojua bihurritzean, gure mundu honetako paradoxekin egiten du topo. Baita iragana gainditu ezinarekin ere. Ugariak dira maitearen urruntzea (edo heriotza) ulertu nahi eta ezina agertzen duten poemak, esaterako.

Gure eta besteren bazterrak

Barrutik kanporantz doa Uribe bere poemen ibilbidean, etxetik bertatik, gorputz propiotik mundu zabalera, besteren gorputzetara. Etxe ondoko gereziondotik urruneko basamortuetara, etxeko gerra umeetatik urruneko soldaduetara. Eta bat egiten dute urruneko pertsonek hurbilekoekin. Horrela, JosAnton Artzek gure bazterrei buruz idatziriko poema kantatua dakarkigu gogora John Keats-en hilartitzaz poemak, “Idatzi neure izena ere urarekin, / euriak zehazten ditu eta / gurean gizakion siluetak” horrek. Eta Gabriel Arestik eta Marcel Duchampek bat egiten dute hil osteko munduan, xake partida ironiko bezain zerutiar batean. Arestik harriak botatzen ditu faltan, beira Duchampek. Eta poesiaren, artearen zeregina eta harrera dituzte hizpide.

“Eta konturatu naiz ezer ez garela arriskurik gabe, / atea zeharkatzerik ez, itsasoratzerik ez, maitalerik ez” idatzi digu Uribek, eta ohikoa ez zaigun poesia idatzi digu, prosaraino joan daitekeen zubi bat erabiliz, xalotasuna muturreraino eramanez bere gogoeta jarioari atea zabaliz. Mendia eta itsasoa, herria eta hiria, bizitza eta heriotza, iragana eta orainaldia, maitea eta mina uztartuz. Kaosari itxura ematen ahaleginduz. Gizakia munduaren neurrira ekarri nahiz. Zenbaitetan, biribila iruditu zaigu emaitza. Beste batzuetan, ez hainbeste. Baina lortu du irakurlea bere munduan murgilaraztea, bere gogoeta eta irudien biluzte jokoan aritzeko gogoa gugan piztea. Joko hori xake partida bat moduan irudikatu dugu, gainera, hodei arteko Gabriel Arestiren eta Marcel Duchampen arteko hori legez. Partida galtzea ezinezkoa iruditu zaigu amaieran. Xake-mate.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak