kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Elvis hil zen urtean / Xabier Mendiguren E. / Elkar, 2007

Nolakoak ginen Elvis-en garaian? Patxi Sarriegi / Deia, 2008-01-15

Geronek ere, Elvis hil zen urtean ez genuen haren musikarik entzun. Besteak beste, egilearen ia urte berekoa izanik, ez baikenuen oraindik musika mota horretarako zaletasun berezirik. Nobela laburra da, edo ipuin luzea, irakurketa erritmo azkarrean doana gainera, Xabier Mendiguren Elizegik idatzitakoa. Lehen pertsona darabilenez, sarritan, halako egiantza nabaria sumatzen zaio kontatutakoari, ezinbestez; fikziotik hain gertu dago errealitatea… eta alderantziz ere, fikzioa sortzeko zer hobe errealitateari erreparatzea baino?

Halaxe egin du egileak, istorioko narratzaile bihurtuta… baina 30 urte atzera egin du horretan, iraganeko kontakizunak eguneratuz… nolakoak ginen txikitan? Zenbat aldatu ote gara?… Garai bateko adiskidetasunak, ametsak, maitemintzeak, musika gustuak, beldurrak…. nerabezaroko hiru mutilen ahotan jarri ditu, beren ikuspegitik kontatzen ditu. Diskurtso ideologiko handirik gabe, baina koherentziaz; bihotzak garai horretan eskatutakoari erreparatuta, baina erresuminik gabe.

Eta gaztaroa deskubrimendu etengabea denez, horixe liburuak planteatzen duen gaiaren ardatza, horixe liburuko protagonisten lilura, istorioan zehar narratzaileak ezin hobeto garatzen duena. Edu, Rober… Inma… konplize bikainak bilakatuko zaizkio protagonista nagusiari, lagun arteko katramilak bata bestearen atzetik gertatuko zaizkio.

Gazte garaiko istorioa da, azken batean, baina ez hain gazteentzako idatzia, oroiminak hartaturik. Helduagoentzako interesgarriagoa, duda izpirik ez… azken batean, hainbat eta hainbat kontu gogorarazteko guztiz baliagarria suertatzen delako, askotan literatura bera ere ohiko errealitatetik hain urrun gelditzen ez zaigunez.

Malenkonia, nostalgia, hausnarketa… balio preziatuak bilakatzen dira istorioan zehar. Kosta egiten zaigu gogoratzea… irakurtzeko grina areagotzen zaigu horrelakoetan. Elvis hil zen urtean orduan bai gazteak eta esperimentatu gabeak baikinen, liburuak azken 25 urteotako soziologiaren historia egiteko parada ederra ematen digu, era naturalean gainera. Liburuko azala horren adibide garbia, bularretakoa ikusita zenbat amets protagonistak…

Azken batean, garai bateko gizarte baten erretratua egiten duen istorioa da liburua: “Elvis hil zen urtean, Edu izan zen gure artean neska bat limurtu zuen bakarra. Gainera, n or ligatuko eta urtero bere gurasoen herriaren ondokora joaten zen neska bat, Yoli, urte hartan, Eduren antzera, gure herrian geratu zena; festetako dantzaldiren batean topo egin, elkar agurtu, berriketan hasi… eta hara. Azkenean Galiziako oporraldiek zer edo zertarako balio izan ziotela esaten nion nik, eta berak ezetz, hara joan ez zelako lortu zuela azkenik zerbait”.

Badu, ezinbestean, istorioak elementu autobiografikorik… irakurleak atseginez jasoko dituenak… Tarteka galdera, burutaziorik, bakarrizketarik…. irakurketarako grina itzaltzen uzten ez dutenak… egilearen lorpen handia da hori, Xabier Mendigurenena.

Garai hartako oroitzapenak…. askorenak dira bertan bildutakoak, protagonistek kontatzen dituzten modukoak… istorioa erraz doa, darabilen hizkuntza lagun ezin aproposagoa da gainera… Halaxe gertatu zaigu guri bederen. Halaxe disfrutatu ere egin dugu, oroitzapenez oroitzapen.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak