kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Haragia / Eider Rodriguez / Susa, 2007

Azala eta mamia Mikel Ayerbe / Berria, 2008-01-06

Bigarren liburuak liburu traidoreak izaten direla esan zidan behin editore batek. Are gehiago, lehenengo liburuak nolabaiteko arrakasta izan eta bigarren liburuaren aurrean aurreiritziak sortzeko balio izan badu. Onerako edo txarrerako, bigarren liburuari nekez barkatzen zaizkiolako lehenengo liburuari barkatu zitzaizkionak. Horregatik, agian, han eta hemen konparatu egiten dira etengabe idazle beraren lehenengo eta bigarren liburuak, eta bietako baten aldeko hautua egiten da. Horregatik dira, beharbada, traidoreak bigarren liburuak.

Eta handik gutxira gaur izan zen Eider Rodriguezen lehen ipuin bilduma. Eta Haragia izena du bigarrenak. Hamabi narrazio biltzen ditu, eta guztietan gizon-emakumeon alderdi ezkutu eta iluna azaleratu nahi izan omen du idazleak. Narraziogintzan azkenaldiko euskal idazleen artean ikuspegi krudelaren aldeko apustua egiten dela esan izan bada, hona hemen beste adibide bat. Ipuin hauetako pertsonaia askok gordin, anker eta hotz jokatuko dute inguratzen dituen errealitate gordin, anker eta hotzaren aurrean: langabeziaren, abandonuaren, harreman defektiboen —ezen ez afektibo— edo bestelako gehiegikerien aurrean. Eta narratzaileak ikuspegi gordin, anker eta hotzez aukeratuko ditu gertaera horiek islatzeko hitzak. Gertaerak eta, nola ez, pertsonaien barne psikologia konplexua aurkezteko. Testua makulu: “Iltzeen zarata entzun du gonako patrikan. Hatz batekin iltze punta estutu du, ziztatu arte, gero ahora eraman du eta herdoilaren zaporea lehertu zaio aho-sabaian. Ez daki iltzearena edo odolarena den herdoila”. Hainbat narraziotarako aukeratutako aipuek ere hori bera ematen dute aditzera: Elfriede Jelinek-en “jasateko gai garen guztia merezi dugu” edo Elisabeth de Fontenay-ren “sufritzen duen gizaki oro da haragia” aipuak, kasu.

Irakurle honen iritziz, estiloan datza ipuin bilduma honen lorpen nagusia. Narratzaileak labana batez ebakitzen ditu pertsonaia, gertaera edota giro bat benetan nolakoa den erakusteko esaldiak, eta egoeren estutze horri narrazio osoan eusten dio. Ipuinak autonomoak dira eta euren artean ez dira korapilatzen —nahiz eta irakurleari eginiko keinu baten gisan, haragia hitza ipuin gehienetan agertu—. Baina nago ipuin guztietan azpiko ahots bat maisuki nagusitzen dela, estilo zehatz baten marmar isil baina iraunkorra aditzera ematen duena.

Ipuinen garapen narratiboak, aldiz, zalantza gehiago sor ditzake. Zenbait narrazio istorio orokorrago baten baitako une hautatuen kontaketa dira, eta argazki sekuentzia batera mugatzeko arriskuan eror daitezke. Hori esatean, Salgai ipuina datorkit burura. Beste narrazio batzuk hankamotz gelditu zaizkit, Tekla bat eta Hirugarren oparia kasu —azken hori, amaieragatik bereziki—. Ipuinotan, gertaeren garapen narratiboak baino gehiago, pertsonaien eraikuntzak pisu gehiegi ez ote duen irudipena izan dut. Eta hala ere, Nahiago nuke gezurrik ez esan, T’est très belle, Ez du katu bat balio eta Errautsak ipuin bikain bezain antologikoek gain hartu diete nire irakurketan ipuin xumeagoei. Azken batean, irakurlearen oroimenean ipuin bikainak gailentzen dira, bakoitzarenean bereak.

Usteak uste, gertaera bat dena zera da, azkenaldian nire inguruan zeresan gehien piztu duen liburua dela. Izan ere, liburuak horretarako arrazoi asko dituela deritzot, izenburutik eta azaletik hasita, narrazio hauetan irakurketa guztiz iradokitzailea aurkezten baita.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak