kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Antzararen bidea / Jokin Muñoz / Alberdania, 2007

Trilluelosko itsasoak Beñat Sarasola / Berria, 2007-12-30

Dudarik ez da azkenaldian euskal gatazka delako horren hezurduraz eraikitako geroz eta literatur lan gehiago azaltzen ari direna. Horren sintoma dira, besteak beste, udazken honetan azaldu diren zenbait liburu eta literatur kritika ere fenomeno hau lantzen hasi izana —Maldetan Sagarrak—. Ez dakidana da beste hark zioena kasu honetan ere aplika daitekeen; alegia, idazleek aurretik zapaldutako lurretara kritiko eta teorikoak iristen direnean idazleak paraje horiek abandonatu behar bide dituen literatura ona egingo badu.

Jokin Muñozek berriz ere heldu dio euskal gatazkaren inguruan kokatutako narrazio bati. Nobela bi narrazio planok osatzen dute: Trilluelosen gerra aurretik kokatutakoak eta Donostian 2003ko uda bukaerakoak. Hasierako atalean ez da aurkitzen bi planoen arteko loturarik, baina narrazioan aurrera egin ahala irakurlea bien arteko harremanak asmatuz joango da, Gerra Zibilaren eta gaur egunaren arteko paralelismoak ohartaraziz. Jakin-min horrek bultzaturik nobelaren irakurketa arina da oso, azkar joaten dira orriak bata bestearen atzetik. Hori bai, Muñozen literatura ezagutzen duen edonork pentsa dezakeen moduan, sakonean dagoen azpidoinu morala edozer gauza da arina baino. Areago, uste dut Antzararen bidea-n oraindik koska bat gehiago estutzea lortu duela krudeltasun moralari dagokionez. Izan ere, begiratu laster batean, nobelako bi pertsonaia nagusiak, Lisa eta Jesus, indarkeriaren biktima dira, baina egiazki, biak hala biak errudun sentimendu dorpe batek kolpatzen ditu, eta nekez identifikatuko da irakurlea beraiekin. Hemen ez dago tarterik-eta errukiarentzako, liburuko pertsonaia guztiak dira hein batean biktima eta errudun aldi berean. Kontakizuneko arindura momentu bakanak Gigiren ateraldi umoretsu eta burutsuak dira, baina berehala jabetzen ahal gara sarkasmo-kolpe horiek azkenean mingostasun moral hori areagotu besterik ez dutela egiten.

Gure artean klabe errealistak hobekien dominatzen dituen idazleetakoa da Muñoz, eta nobela horren adibide ezin hobea da. Egin kontu bestela lekuak nola ezaugarritu —Donostia, agurearen etxea, Trilluelos…—, eta pertsonaiak nola hezurmamitzen dituen. Era berean, tradizio errealistari jarraiki, ñabardura txikiena ere ez da azaltzen kasualitatez, narrazioaren diegesian garrantzia duelako baizik —lehenengo ataleko aurreneko hitza “antxetek” izatea dena esaten du—, eta horregatik informazio ugari zeharka jasotzen ahal da, ezein motako didaktismotik urrun.

Arestian aipatu dut nobelak halako intriga bat gordetzen duela bere baitan: nor den agurea zehazki, Igorren iragan hurbila, agurearen argazkia, eta abar. Lisa eta Gigiren eskutik galdera batzuk ebazten joan daitezke, baina amaierak ez du narrazioa erabat itxita uzten, alderantziz, galdera ugari geratzen dira erantzuteke, nobelaren gertakizunei dagozkienak zein giza kondizioari dagozkienak. Neurri batean nobela memoriari eta ahanzturari buruzkoa baita, amesgaizto bihurtzen den norbanakoaren memoriarena (Lisa eta Jesus) eta ahanztura kolektiboarena —esanguratsua izena borratutako gogoan zaitugu pintada—. Bide batez, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Muñozi urritan aitortzen zaion dohain bat; euskararena. Ez darabil apaingarri astunik ez eta joskera aldrebesik, zer egingo zaio, bere prosa ulertu egiten da, baina nekez aurki daiteke berearen mailako hizkuntza eraginkor eta zehatzik.

Muñozen ibilbide literarioko, eta bidenabar, euskal literatura garaikideko mugarri bat. Nire zalantza da emaitza bikain honen ondotik orain arteko bidea agortu ez ote zaion, nahiz eta hala izatekotan ere, gaitzerdi.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak