kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Western Basque Festival / Miel A. Elustondo / Susa, 2007

Amerikanuak Aritz Galarraga / Gara, 2007-12-01

“Mila bederatziehun eta berrogeita hemeretziko ekainaren 6 eta 7an lehenengo Western Basque Festival izenekoa egin zen Sparks-en (Nevada), Reno ondoko herrian. 5.000-6.000 bat lagun bildu omen ziren, Mendebaldeko lau kantoietatik etorriak. AEBetako euskaldunek ordura arte egin zuten ospakizunik handiena izan zen. Jaialdi harrezkero, Kalifornia, Idaho eta Nevadako herri askotan, euskaldunak urtero festibal haren antzekoak egiten hasi ziren. Horrekin batera, euskaldunak Mendebaldeko talde etniko nabarmena izatera igaro ziren. 1959 baino lehen, ordea, nekez entzuten zen euskaldunen gaineko albisterik. Gutxi zirelakoan, nonbait. Zalantza izpirik gabe, AEBetako euskaldunen historian, Western Basque Festival hura giltzarri izan zen, erabat”.

Miel Anjel Elustondok ondu duen Western Basque Festival kronika liburuaren 0 kapitulua ekarri dut hona, oso-osorik, nire antzera jaialdi horren berri ez zutenek Joseba Jaka bekaren laguntzaz osatu den lan honen koordenadak marka ditzaten. Kazetaritzarekin limurkeriatan ibili izan garenok (eta ez kazetari, deabruak guarda!) ezagutu eta estimatzen genuen Elustondoren lana, freskoa, arina eta ahozko jardunetik gertu ibili ohi dena baita. Liburu honetan barneratzen denak ere izango du idazketa estilo horren berri. Lan material gisa lekukotasunak erabili ditu batez ere, zuzenean bildutakoak zein prentsa-ebakin, agiri eta gainontzekoetatik hartutakoak. Eta material horrekin guztiarekin aipatutako jaialdiaren ingurukoak (ekitaldiak, prestaketa-lanak, protagonistak) txukun biltzea lortu du Elustondok. Aurretik egin gabeko lana egitea, bide batez.

Euskal Herriko zortzigarren probintzia izenez bataiatu izan duten diasporaren zati garrantzitsua elkartzen da AEBetan. Aspaldi handian hasi ziren euskaldunak hara joaten, ia esklusiboki artzain. “Euskaldunak lehenago ezagutzen du ardia, ama baino” jaso du liburuko lekukotasunetako batek, euskal shepherd izandako batenak. Izan ere, emigratutako euskaldun eta euskaldunen ondorengoen erretratua egitea baita Miel Anjel Elustondoren liburuaren beste bertuteetako bat: asmo etnografikorik gabe seguru asko, baina aipatutako emigrazio horren ikuspegi zabala eskaini du Western Basque Festival liburuak, hizkera eskuragarri, ez-akademiko eta gertuko batean, beti ere. AEBetara joandako euskaldunen, amerikanuen eta ondorengo belaunaldien bizimodu eta miserien inguruan dezente gehiago jakingo du irakurleak liburua irakurri ondoren.

Baina Western Basque Festival jaialdiaz gainera, gauza gehiago ere gertatu ziren 1959ko urte hartan: Marcel Queheille zalgiztarrak Tourreko etapa bat irabazi zuen, Marokok txikizioa egin zuen Rifen, edota AEBetan bertan, beltzak beren eskubideen aldeko borrokan ari ziren gogor, adibidez. Eta jaialdiari eskainitako testuen aldean garrantzia apalagoa duten arren, gai horiei eta horien modukoei eskainitako kapitulutxoak ere gehitu zaizkio liburuari. Hautaketa guztiek zergatia behar luketela pentsatzen dutenetakoa naizenez (ez akaso arrazoi bidez ulertu beharreko hautaketa, ez osoro atzeman beharrekoa), jakin nahi nuke zergatik gehitu zaizkien horiek eta ez beste batzuk, zer neurritan osatu, biribiltzen duten istoriook Western Basque jaialdiaren inguruko kronika.

“Zalantza izpirik gabe, AEBetako euskaldunen historian, Western Basque Feltival hura giltzarri izan zen, erabat”. Miel Anjel Elustondoren hitzak dira, liburu oso bat laburbildu eta justifikatzen dutenak. Eta orain eskura dugu AEBetako euskaldun horien historian gehiago barneratu eta berau ezagutzeko parada ezin hobea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak