kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zortzi unibertso, zortzi idazle / Ana Urkiza / Alberdania, 2006

Zortzi idazle Iban Zaldua / El País, 2007-11-19

Bitxia da Zortzi unibertso, zortzi idazle liburuak, joan den urtekoen artean nabarmengarrienetako bat, euskal letren munduan izan duen harrera epela. Jakina denez, liburu horretan, eta Hasier Etxeberriaren Bost idazle obra ezagunaren ereduan oinarriturik, Ana Urkizak prestatutako galderei erantzun zizkieten zortzi emakumezko idazlek, 1940 eta 1960ko hamarkaden artean jaiotako esanguratsuenak elkarrizketatzailearen iritziz. Tira, halako liburuekin egileren bat kendu eta besteren bat ipintzeko tentazioa izaten du beti irakurleak —nik, esaterako, Arantxa Iturberen falta sumatu dut bertan—, baina antzeko kontuak alde batera utzita, oso liburu interesgarria iruditu zait. Ohargarriak iruditu zaizkit A. Urretabizkaiaren literatur hezkuntzaren gorabeherak; izugarri identifikatu naiz M. Landak literaturaren zentzuaz duen ikuspegiarekin; biziki iradokitzaileak gertatu zaizkit A. Arkotxak geografiaren eta literaturaren arteko lokarriez egiten dituen adierazpenak; hausnartzeko modukoa L. Oñederraren aldarrikapena edozein irakurle harrapatzeko modukoa litzatekeen euskal literatura baten alde; zirraragarria I. Bordak letren boterearekiko erakutsitako sinesmena…

Alabaina, liburu honen inguruko isiltasuna ia erabatekoa izan da, batik bat Bost idazle-k izan zuen harreraren aldean: urtebetean sei kritika jaso zituen Etxeberriaren lanak; antzeko epealdi batean bakarra izan du, ordea, Urkizarenak. Horrek, hein batean, arrazoia emango lieke liburuan bertan emakume izateagatik euskal literaturaren munduan nolabaiteko diskriminazioa jasan dutela aditzera ematen duten egileei. Edo akaso isla dezake liburuaren porrota, nolabait, Etxeberriak proposatutako bost idazleen kanon unibertsalistari (baina, emaitzaren ikuspuntutik, maskulinoari) alternatiba femenino bat oposatzeko orduan; ez dela gai izan gainditzeko euskal irakurlegoaren aurreiritziak edo uste sendoak. Eta ikuspuntu horretatik zilegi da, nire iritziz, hipotesi hau egitea: eta kontrakanon unisex baten ordez beste motatako proposamen bat aurkeztu izan balitz? Esaterako, Bost idazle-ko egile horietako batzuk gordez, emakumezko batzuk eta gazteago batzuk barneratuko lituzkeen bat? Harrera ezberdina zatekeen, agian.

Niri deigarria egin zait zein desberdinak agertu zaizkidan zortzi idazle hauek, nahiz eta Urkizak harilkatutako diskurtsoak haien arteko diferentziak lausotzeko joera nabarmenegia izan; Bost idazlerekin, ordea, kontrakoa gertatu zitzaidan: nahiz eta egile bakoitzak behin eta berriro aldarrikatu beste laurekiko zein desberdina den, azkenean, ezinbestean, nolabaiteko belaunaldi edo giro batasun sentsazio bat gailendu zitzaidan.

Alde horretatik, Zortzi unibertso emakumezkoen literaturaren aldarrikapenaren inguruko kontraesan nagusien erakusle gardena dela esango nuke. Aipatu isiltasunak frogatuko luke, hein batean behintzat, mota honetako obrak beharrezkoak direla oraindik, emakumeen literatura ikusgarriago egiteko alegia. Baina, bestalde, egileen arteko lotura emakumetasunaren inguruan eraikitzean, agian ezkutuan geratzen dira idazle bezala gehiago indibidualizatzen dituzten hainbat ezaugarri, eta horrek emakumeen literaturaren apartekotasuna —eta diskriminazioa— areago iraunaraz dezakeen faktore bat da. Uxue Apaolazak Eako poesia jardunaldietan esan zuen moduan, “Literatura itotzen (…) ninduten rol edo identitateengandik ihesbidea zen —emakumetasuna barne—, (…) baina lotu zaituzte berriro, batez ere emakume zarela gogora arazten dizutelako. Eta hori, emakumeek ere potentziatu dugun zerbait da, komodoa delako talde baten barruko kide sentitzea”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak