kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zeruak eta ifrentzuak / Jon Arano / Elkar, 2007

Poesia mailu bat dela Beñat Sarasola / Berria, 2007-11-18

Hamabost urte baino gehiago libururik argitaratu gabe igaro ostean, Jon Aranok hirugarren poema liburua kaleratu berri du, Elkar argitaletxearekin eta Joseba Jaka bekaren laguntzarekin. Zeruak eta ifrentzuak izena jarri dio liburuari, eta bertan Aranoren poetikaren ezaugarri nagusiak topatuko ditugu berriz ere.

Poeta heterodoxorik baldin bada euskal literaturan, hori Jon Arano da. Inoiz poema batean topatuko ez zenukeen orok amenazo egiten du haren poemetan, deskuiduan orrialdearen bestaldean agertuko zaizkizularik. Porno izar bati eskainitako poematik hasi (Arnoz eta pornoz), Itxaro edo Pikondoko poema bezalako testu harrigarrietaraino. Erregistro ezberdinen arteko nahasketak etengabe darabilzki: pop kulturako elementuak eta baserri girokoak, “goi kulturako” (Oscar Wilde) eta “behe kulturako” (Txirrita) erreferentziak, bertso librea eta kopla eta abar. Bestetik, Aranok hitz jokoetarako duen zaletasuna ere azpimarratzekoa da —tituluan bertan, urrutira joan gabe—, Koldo Izagirreren ildo berean, baina denik eta indar burleskoena gehituta: Auskal Herria, ez dok amaitu!, Euskal Tedespista… Umorea oso present baitago, baita hitz-jokoetatik landa ere, eta beti azaltzen da halako ukitu azido batekin, ahalmen satirikoaren mende. Horrela, batzuetan benetako umore kolpeekin topa zaitezke: “Baina hildako honek, / hobe hilda hobeto dagoen honek, / ez daki leitzen, / eta are gutxiago zeruan, / hegaztiek urratu duten / zure izena marisol”.

Testuartekotasuna ere erruz erabiltzen du Aranok, baina baliabide horrek maiz izan ohi duen hotsandirik gabe. Horrela, poema bat “Sarri, sarri, sarri, sarri / triste antza nabil” bertso lerroekin bukatzeko gai da edo beste batean Bernardo Atxagaren Lizardi poema moldatuko du bere erara. Izan ere, liburuak badu halako joera kontzeptista bat, nahiz eta ez den inolako hermetismo edo iluntasun poetikoan erortzen; eta ez da harritzekoa, beraz, hain quevediarrak diren kontu garbiketa formako poemekin (Historiaren Hasier eta Bukaer eta Oraingo aberats berriak) topo egitea. Kasu horietan poemak jaurtigai bihurtzen dira, eta gaur egun euskal literaturaren barrenean urri aurki daitekeen tonu garratz eta ausarta lortzen dute, Jon Mirande eta Gabriel Arestirekin lotu daitekeena. Egia esan, ildo horretako zenbait poeta egon badaude egun, baina, era berean, poetok izan ohi dituzten hainbat gaitz saihesten ditu Aranok: sermoikeria, nostalgia malenkoniatsua, burla erraza eta topikoa, eta abar. Hala, Aranok ez du tarterik uzten lore jokoetarako, lirikatik urrun dagoen poesia jorratzen du, feismo ukituak dituen poesia zuzen eta bortitza. Apustu tinkoa egiten du poema bakoitzean, erdibidean geratu gabe, eta ondorioz emaitza ere ñabardura gabekoa izaten da; poema batek zinez harritu eta kolpatuko zaitu, eta hurrengoa, agian, zabarregia eta sinpleegia irudituko zaizu; baina horiek , azken batean, bere estiloaren ajeak baino ez dira.

Gainera, liburua estilo horrek gurutzatzen badu ere, egia da, halaber, aldiro-aldiro giro horretatik at dauden poemak aurkituko dituela irakurleak (Argi-ilunak, Han har eskarmentu), hain zuzen ere, arestian aipaturiko heterodoxiari jarraiki. Honakoa poemen bilduma bat baita funtsean, hots, izaera autonomoa duten poemak apailaturik agertzen dira, eta horrenbestez, denetarik aurki daiteke. Irakurleak liburutik zenbait poema erreskatatu ahalko ditu bere baitan gordetzeko, gutxi asko baina bakoitzak bereak. Eta agian zenbaitzuk esango dute hau poesia ez dela, baina…

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak