kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

1984 / George Orwell (Oskar Arana) / Txalaparta, 2007

1984 Mikel Garmendia / Eizie.org, 2007-07-03

XX. mendearen lehen erdian idatzitako antiutopia (edo distopia) ospetsuena dugu 1984 eleberria. Estatu nonahikoak nahitaez betearazten dizkie legeak eta arauak alderdi totalitarioko kideei, doktrinamenduaren, propagandaren, beldurraren eta zigor kupidagabearen bitartez. Eleberri honek eman zien sarbidea gerora hain ezagun bihurtutako hainbat kontzepturi, hala nola diren Anaia Handia, 101. gela, pentsamenduaren polizia eta hizketa berria, hots, ingelesaren egokitzapen bat, lexikoa murriztu eta eraldatzen duena —hizkuntzan ez dagoenik ezin da pentsatu—. Hainbaten iritziz, agerikoak dira egungo gizartearen eta 1984koaren arteko antzekotasunak, eta hala esaten da jadanik gizarte orwelliarrean bizi garela, jokabide totalitario eta zapaltzaileak gauzatzen direneko gizartean, alegia. Egundokoa izan da, alde horretatik, eleberriak gaur egunera arte izandako eragina, Aldous Huxley-ren Bai mundu berria edo Ray Bradbury-ren Farenheit 451 eleberrien adinakoa edo baita, ziurrenik, handiagoa ere.

Winston Smith dugu pertsonaia nagusia (Winston izena Winston Churchill-ekin dago lotua eta Smith deitura, berriz, deiturarik arruntena da ingelesen artean). Winstonek Egiaren Ministerioan egiten du lan (lau dira Ministerioak: Egiarena, Maitasunarena, Bakearena eta Oparotasunarena), eta haren egitekoa Historia etengabe berridaztea eta heroiak asmatzea da. Londresen bizi da balizko 1984. urtean. Garai hartan hiru superpotentziatan dago banatua mundua: Eurasia (neoboltxebismoa), Ekialdeko Asia (heriotzaren adorazioa) eta Ingsoc (“sozialismo ingelesa”).

Haren existentzia bera zalantzazkoa izanik ere, Anaia Handia da buruzagi bakarra, gizartearen begiralea, jainkoa eta epaile gorena. Berak haragitzen ditu Alderdiaren idealak, alderdi bakar eta ahalguztidunarenak, etengabe begira baitago eta haren kide izan behar baitute pertsona guztiek, proletarioek izan ezik, horiek ez baitute eskubiderik ere eta Poliziak ez baititu ia begiratu ere egiten: aukera ematen zaie askatasun intelektuala izateko, ez baitute intelektorik ere”.

Hiru urte emango ditu ministerio horretan lanean eta jabetzen da egiten duen lana bere gobernuaren fartsa handiaren zati bat besterik ez dela. Hala, neska gazte errebelde batekin maitemindu eta ahal bezala ekiten diote erresistentziari. Alferrik, ordea. Mendean hartuko du Winston ere sistemak eta halaxe helduko gara amaiera tristera. Hantxe dago Winston taberna batean telebistari begira, berri manipulatu bat entzuten: “Gin usainezko malko bana isuri zitzaion sudurraren alde bietatik. Baina ongi zen, ongi zen guztia, borroka amaiturik zen. Irabazi egin zuen bere buruaren kontrako borroka. Maite zuen Anaia Nagusia”.

Aparteko iruzkina merezi du eleberriaren eranskin gisa eskaintzen zaigun Hizketa berriaren printzipioak izeneko atalak. Zehatz-mehatz azaltzen zaigu zertan datzan arestian aipatu dugun lexikoa murriztu eta eraldatzeko helburua eta horren nondik norakoa. Hala, banan-banan esplikatzen da zertan datzan hizketa berriaren maila edo hiztegi (A, B eta C hiztegiak) bakoitza. Euskarazko bertsio osoan itzultzailearen lana sumatu ere egiten ez badugu (eta horixe da seinalerik onena), azken atal honetan bai, sumatu egingo dugu eta onerako gainera, lan txukuna egin baitu atal honetan, bereziki; hizketa berriko kategoria gramatikal berriak, lexikomoldaketa berriak eta enparauak lehenengo batean ulergarri suerta daitezen.

Bada, azkenik, azken atal honetaz, ñabardura garrantzitsu bat egin beharra. Iraganean hitz egiten da hizketa berriaz, bai eta hizketa berria finkatzeko egutegiaz ere. Pentsa dezakegu, horrenbestez, hizketa berria ez dela jada existitzen. Eta era berean pentsa dezakegu, ziurra ez bada ere, hizketa berriaren porrotarekin batera, helburu nagusiak ere porrot egingo duela, edo haren aurkako borrokan esperantzak baduela lekurik. Halako zerbait iradoki nahi ote zigun Orwellek?

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak