kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Picassoren zaldia / Asier Serrano / Elkar, 2007

Lirika eta politika Beñat Sarasola / Berria, 2007-09-23

Udazken hau emankorra izango da Asier Serranorentzat, argitalpenei dagokienez bederen; Txalapartak kaleratu berri duen Eskuetan mapak nobelaz gain, Picassoren zaldia izeneko poesia liburu hau argitaratu baitu Elkarrekin.

Bigarren poesia liburu honetan militantzia eta borroka politikoaren kritika egin du eibartarrak, euskal gatazkaren testuinguruan kokaturiko poemak bilduz. Picassoren zaldiaren sinboloa da liburuaren ardatza, eta horrela, kontzeptu berean bildu ditu zaldiaren ideia —aurtengo beste poema liburu batean, Aritz Gorrotxategiren Zaldi hustuak-en, erabili dena, halaber— eta Gernikak iradokitzen duen guztia. Sinbolo horrekin batera, ordea, errepikariak diren beste hainbat topa daitezke orobat: sugea, aizkora, gorri kolorea, sua, ikurrina. Poema liburua lotzeko hari sendoa harilkatzea lortu du, bada, Serranok.

Haria bikoitza da: maite batentzako hitzak eta borrokaren inguruan egindako hausnarketak nahasten baitira liburuan. Biak ala biak, baina, halako deslilura eta etsipen batek blaitzen ditu. Horren seinale da, esate baterako, iraganari egindako erreferentzia ugariak.

Kritika horretan heroi eta garaileen desmitifikazioa topatuko du irakurleak: “Biktima eta martirienganako errespetua galdu dudala”. Maiuskulaz idazten diren hitzetan fedea galdu du liburuko ahots poetikoak —“berba abertzaleetan mozorrotu gintuztelako / denak maiuskulaz”— eta aldarri sutsuak egin beharrean amets iraultzaileen hondakinak azaleratzen ditu. Desmitifikazio hori lirismoz beteriko hizkuntza poetiko batekin artikulatuta dago, eta inpresioa dut horrek arazoak sortzen dituela liburuaren osaera orokorrean. Hizkuntza poetikoa eta mezua ez direla behar bezala egokitzen. Metafora ugari aurkitzen dira liburuan, horietako asko bihurri eta hanpatuak —“Musu hilezkorren iturria aurkitzen / saiatu naiz zure ortzemuga galduan”—. Joera erretoriko horren emaitza zenbaitetan ona da —“azken musua / disimulurako utzi zenidan / kale kantoi hartan poliziak gure aurpegiak / ezagutu ez zitzan”—, eta bereziki poemak ixteko idazleak duen abilezia azpimarratzekoa da, zeina Jose Luis Otamendik gauza bera egiteko duen trebezia gogorarazi didan. Estilo erretoriko hori, baina, oro har, oztopoa dela iruditzen zait; alde batetik, tonu aldaketa bortitzegiak egitera behartzen duelako idazlea, baina batez ere edukiaren mezu politikoa leundu egiten duelako probokatzailea eta deserosoa izan zitekeena jasangarria eginez. Ez da harritzekoa lirismo horretatik urrun dauden poemak iruditu izana eraginkorrenak.

Antzeko zerbait gertatzen da ahots poetikoaren osaketarekin. Lehenengo pertsonan idatzitako poemak dira, eta balizko desmitifikazio hori banako baten esperientziatik abiatuta egiten da. Kontua da kosta egiten zaiela poema hauei norbanakoaren esfera horretatik jauzi egiten, eta azkenean heroiaren desmitifikazioa baino gehiago militante baten damua dela topatzen duguna. Alegia, poemak ez dira hausnarketa kritiko orokor bat egitera ailegatzen, ahots poetikoaren banakotasunean eta lirismoan itota geratzen direlako. Horrek ez du zertan arazo izan, baina kasu honetan bada, liburuak intentzionalitate politiko garbia duelako, eta, honenbestez, esfera indibidual hori gainditu nahi duelako. Horrek guztiak eragiten du liburu guztian topatzen diren bi planoak, amodioarena eta gerrarena, ez ongi uztartzea azkenean. Esan dezadan bide batez bi plano horiek lotzea ez dela nolanahiko egitasmoa, eta, beraz, Serranori aitortu behar zaiola saiakera, akaso emaitza nahi beste ona izan ez bada ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak