kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Arkitektoa / Txema Garcia-Viana / Euskaltzaindia-BBK, 2007

Arkitektura funtzionala Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-09-23

Arkitekto protagonistak ez bezala, ez dirudi bere Obra Handia egin nahi izan duenik Txema Garcia-Vianak nobela honetan, genero eleberri funtzional bat baizik. Thriller historiko bat dugu hau. Historiko bainoago, thrillerra: XIII. mendeko Donostian kokatua, baina iraganaren berreraikuntza lanean neke handirik hartu gabe. Argumentuaren testuinguratzerakoan, Araba, Gipuzkoa eta Donostia bera gaztelarren esku gelditu berri zirenean gaude, Nafarroako erreinua erdira murriztu izana: konkista militarra tartean Arabak, armadaren presentziak eskaintzen dituen “argumentuen” bidez Gipuzkoak, bi-biek gaztelarrei men egin zietenean. Nobelako jendeek, Donostiako gaskoiek, euskaldunek eta elizgizonek, bi egoerak ezagutu dituzte, konkista aurreko eta ostekoa, alegia. Egoera hartan, bere kasa asmatu ei du egileak giro soziopolitikoa, argumentuaren egiantzari begira egia historikoari baino gehiago. Izan ere, Donostiako gaskoiak, hiriaren agintariak, ongi moldatu omen dira egoera berrira, eta bertako euskaldunak nola hiria fundatu aurreko elizgizonak, San Sebastian komentu zaharrekoak, gaskoien nagusitasunari oldartzen zaizkio, Nafarroako erreinuaren alde. Ezezaguna zaigu alde horretatik egia historikoa, baina badakigu Arabako Lautadan gauzak alderantziz gertatu zirela konkista kanpaina berberean: hiriko biztanleek (“frankoek”) egin ziotela aurre armada gaztelarrari, eta Lautadako nekazal jauntxo euskaldun anitzen laguntza izan zutela konkistatzaileek, errege nafarrek bultzaturiko hirien botere berri eta gero eta zabalagoaren beldur. Logikoago lirudike, hortaz, pentsatzeak Gipuzkoan ere burgesek, printzipioz, Nafarroako errege-erreginen aldekoagoak izanen zirela inguruko jauntxo euskaldun nekazariak baino.

Bego horretan testuinguratze historikoaren eskasia eta anakronismo batzuk (izurri beltzaren presentzia XIII. mendean, alegia), fikzio lan batean arrunt garrantzizkoagoak direlako argumentuaren ehundura, osagai narratiboen harilkatzea eta baliabide literarioen egokitzapena. Alde horretatik, bertze pretentsiorik gabeko thriller gisa, ongi funtzionatzen du nobelak.

Giro soziopolitikoaren asmazio historikoa, faltsua edo ez, istorioaren zerbitzura dago, eta zementu egokia ematen dio eraikin literario funtzional honi. Intrigako osagaiak ongi dosifikaturik daude narrazioan zehar, solteago lehen hiru ataletan, gorputza eta zentzua hartuz hurrengo bietan egileak asmatu duen giro soziopolitiko haren barnean, korapiloa askatzeko azkeneko bi ataletan, lekua utziz amaieran sorpresari, beti ere intrigaren mesedez eta tramaren logikari kalte egin gabe. Akaso, irakurle honen aburuz, kasualitate gehiegiri esker eta azkarregi lortzen ditu protagonistak seigarren atalean misterioa argitzerakoan giltzarri zaizkion zantzuak.

Baliabideei dagokienez, estilo hanpurutsu halako bat egokitu die solaskideei eta protagonistaren kontakizunari, bertze garai historikoetan gaudelako sentsazioa emateko, irakurketa erraza oztopatu gabe. Intrigaren gertaerak, hein handi batean, elkarrizketen bidez doaz ezagutzen: thriller batentzat astunegia izan daitekeen baliabidea, baina tentuz eta trebe ibili da egilea sentsazio horretaz irakurlea askatzeko, solaskideen erreakzio biziak eta are ustekabeak tartekatzen.

Oro har, ez gaude nobela historiko baten aurrean, ezta historia eginen duen baten aurrean ere, iraganean kokatu eta thriller generoari dagozkion ezaugarriei egokiro eusten dien narrazio baten aurrean baizik, generoaren zaleek arin eta eroso irakurtzeko modukoa. Lastima opor aurretik zabaldu ez izana.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak