kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Markak. Gernika 1937 / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2007

Ixteko ordua Aritz Galarraga / Gara, 2007-09-22

Bost idazleren elkarrizketa liburu ezagun hartan, NASAko espaziontzi batekin konparatu zuen Atxaga elkarrizketatzaileak, “atzean kapsulak utziz”, zikloak erre eta aurrera egin duen idazle gisa definitzearekin batera. Liburu estimagarri hartan bertan, kapsula “handi samar” bat botako zuela iragarri zuen asteasuarrak, ordura arteko guztia batu, azaldu eta,berrerabiliko zuen kapsula. 2002koak dira adierazpenok eta Soinujolearen semea-z ari zen, jakina. Badira, ordea, Atxagaren ibilbide literarioan, zarata gutxiago atera duten lanak, oihartzun txikiagoa izan dutenak. Handinahi xumeagokoak, akaso, beste kapsula horien aldean (Etiopia, Obabakoak, Gizona bere bakardadean). Markak / Gernika 1937 talde ez hain zaratatsu horren baitan kokatu beharko genuke. Besteen aldean sona, asmo apalagokoa agian, baina ez horregatik interes gutxiagokoa.

Bi atal bereiziko nituzke, nabarmen, Atxagaren azken lan honetan. Lehenengo 80ko hamarkadako orrialdeak hartzen dituen lehenengo atal batean, egileak taxututako gogoeta sorta aurkituko du irakurleak, markak, hau da, historian zehar gizabanakoek (harrian, zuhaitzean, azalean, airean, paperean) egindako marka diferenteak haritzat dituen gogoeta sorta. Handik eta hemendik bildutako ideia, testu zati eta gogoetak elkarlotuz, memoriaz ari zaigun ibilbide poetiko iradokitzailea osatu du idazleak, uneoro marken irudia erabiliz. Ezen metafora baitira Atxagarentzat markak, memoriaren metafora, ahanzturaren kontrako antidoto, “hemen egon ginen, egun batean bizirik egon ginen hemen” aldarrikatzen dutenak: Il masso di Bormo harkaitzean egindakoa, orain 7.000 urte; artzainek lertxunen azalean labanaz grabatutako carvingak, Kaliforniako edo Nevadako basoetan; Andoaingo Asu baserrikoek fusilatu talde bat lurperatu zuten lekuan jarritakoa. Eta abar. Marken bitartez egindako ibilbide horrek Gernikan du azken geltokia, bonbardaketa eta hurrengo gertaeretan.

Eta Gernika da liburuaren motibo nagusia, egia eta memoria historikoaren erreibindikaziorako ikur. Inork gutxik egingo du zalantza gurean Gernikako bonbardaketaren gertaeren gainean. Hala ere batzuk saiatu ziren, saiatu izan dira eta saiatzen dira, oraindik orain, egia zapuzten, Atxagak ederki abisatu digunez (Borramarka deitzen die egia historikoa ezabatu nahi duten horiei: “Leloa behin eta berriro errepikatuko da urtea Joan eta urtea etorri. Gaur egun ere errepikatzen da”). Eta, hain zuzen, Markak / Gernika 1937 liburuaren xede garrantzitsuenetakoa hori da, Gernikan 1937ko apirilaren z6an gertatu zenaren egia kontatzea, gertaeren inguruko gauza asko eta askotarikoak bildu, elkarren ondoan jarri eta irakurketa poetikoa eskainiz.

Asmo horrekin justifika daiteke ondorengoa: bigarren atal laburrago batean, Euzkadiko Jaurlaritzak 1937an argitaratutako Guernica liburuxkaren euskarazko egokitzapena eta George L. Steer kazetari hegoafrikarraren The tree of Guernica lekukotasun liburuko pasarteak bildu dira. Pamiela etxeak, era berean, aipatutako liburuxkaren faksimilea kaleratu du Markak / Gernika 1937 liburuarekin batera (neuk hala eskuratu dut, bederen). Bigarren atal horren irakurketa askoz hotzagoa da, lehenengo atalaren irakurketa gozoaren aldean. Lehenengo atala nabarmendu nahi nuke besteren gainetik. Baina, Borramarka horien aurrean, ezinbesteko begitandu zait neuri ere Atxagaren ahalegin literarioa, osotasunean, egia historikoaren berreskuratzea bideratzen baitu. Beharrezkoa, are gehiago bonbardaketaren 70. urteurrena bete den 2007 honetan. Zauria erabat itxi ez denaren seinale.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak