kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Marearen erraietan / Jose Inazio Basterretxea / Alberdania, 2007

Mareek eramandako bizitzak Bixente Serrano Izko / Nafar periferiatik, 2007-08-02

Sentiera poetikoa —lirikoa eta dramatikoa— dago lan honetan, formalki eleberri den Marearen erraietan izenburukoan, Basterretxea Polorenean, etengabeko itzuleraren filosofiak edo sortua. Itsasoak bere mareetan ur beherak, apakinak, ur lasterrak eta ur gorak etengabe joan-etorri arazten dituen nola, holaxe biziko bagintu bezala, gorabeheretan eta joan-etorrietan, geure bizi-menturak ere.

Alta, sentsazio arraro bat sortu dit irakurketak: ez duela ongi funtzionatzen nobela gisa. Badago narraziorik, badaude elkarri loturiko gertakariak, badaude pertsonaiak, protagonista harilkatuak…, hots, historia bat. Eta badago ongi idatzitako edozein testuk sortu behar duen tentsio hori idazki eta irakurlearen artean, irakurtzen jarraitzera deitzen duena, irakurlearengan kitzika pizten duena. Baina, aldi berean, nobela gisa funtzionatzen ez duelako sentsazio arraro hori.

Pertsonaiak baino gehiago maniki halakoak izanen balira bezala ditugu protagonista desberdinak, egileak beztidura literarioak, poetikoak, lirikoak, filosofikoak jarri dizkienei, baina hori bai, ez tesi intelektual gisa, askoz modu pertsonal eta biziagoan baizik; ez teoria huts hotz batetik, baizik esperientziari buruzko gogoeta literario eta poetikoetatik egileak berak diseinaturiko jantziak. Jatorriz narrazio gisa planteaturiko zerbait baino gehiago, bertze gauza bat dirudi: aldez aurretik eta zatika idatzi izan balitu egileak hainbat testu literario, zama poetiko handikoak, heriotzaz eta bizitzaz, eta gero, haien arteko batasunaz, bistan dagoen horretaz, oharturik, hari narratibo batekin lotu nahi izan balitu bezala. Hari narratibo horretan antzeman daitezke nobelaren ahuleziak: kasualitate gehiegi pertsonaia batzuen bizitzak elkarri gurutzatzeko, adibidez; edo foiletoizko harremana hilzorian dagoen gaixo eta medikuaren artean; edo Iruneren absentzia erabatekoa Pauloren gogoeta eta haluzinazioetan, sinesgaitza suertatu zaidana bere bizitzaz eta heriotzaz hausnartzeko joera duen pertsona batengan, are gehiago Mikelen laguna izaten jarraitu duenez; edo? Hitz batean, melodrama itxura hartu du hari narratiboak.

Zilegi da aldez aurretiko testu literario poetikoak geroko asmakuntza narratibo batekin lotzeko prozedura, guztiz, eta emankorra izan daiteke eleberri bat egiterakoan, baina badu arriskurik: alegia, aldez aurretiko testuen, manikientzat hautaturiko oihal horien loturak —elementu narratiboak— begi bistan gelditzekoa jantzien egitura gisa ez, eranskin gisa baizik, josturek, euren laburrean ere, jantzien osotasun itxura apurtuko balute bezala. Eta arrisku horretan erori delako sentsazioa izan dut.

Dena dela, indarra dute pertsonaiei egokitu dizkion gogoetek, indar liriko eta dramatikokoak dira, estilo ederrean adierazitakoak. Eta bikain landua lanaren egituraketa. Atal nagusien eta haietariko azpiatal guztien izenburuak, estu-estu loturik nobelarenarekin, heriotza eta bizitzaren metafora baten garapen artatsua dira. Ez daude faltan deskripzio esanguratsuak, Bartzelonako zein Bilboko hiri paisaiez, pertsonaien begiekin ikusirik…

Marearen erraietan murgildu arazi ditu pertsonaiak eta honako irakurle hau egileak, gure bizitzei buruzko fatalismo batekin, etengabeko itzulerari buruzko teoriaren barnean bezala. Heriotzaren inguruan ur beheraren ikurpean hasi bada gogoetetan, ur goran bukatu nahi izan du, bizitza berrien inguru; ur goran ere Basterretxea Poloren hurrengo liburu bat dastatzeko gogoa, lehorreko irakurle honena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak