kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Armand David, pandaren aita / Kepa Altonaga / Elhuyar, 2001

Ondo bildutako gai anitzen bilduma Iban Zaldua / Euskaldunon Egunkaria, 2002-01-12

Euskal literaturaz hitz egitean, saiakera arloaren azpigarapena aipatzen da maiz. Badirudi azken urte hauetako emaitza bikainak topikoa higatzen hasiak direla, ordea: azkenaldiko onenen artean hor ditugu, besteak beste, P. Alberdiren Satorrak baino lurperago, eta, jakina, A. Lertxundiren Mentura dugun artean ederra. Mugaldeko genero honetan kokatu nahiko nuke Kepa Altonagaren liburu zoragarri hau.

Zientzia dibulgazio lana bezala aurkezten zaigu obra (dibulgazio garaikoa, gehitu beharko genuke), baina, Altonagaren aurrekoa bezala (Folin markesa. Marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan), dezente haratago doa Armand David, asmoz zein emaitzaz. 1998ko lan hartan bezala, naturalista baten biografia da liburuaren ardatza, kasu honetan Armand David josulagun ezpeletarrarena (1826-1900), eta, beraz, garrantzi handia ematen zaie natur historiaren arloan gauzatu zituen ekarpenei, batik bat Txina aldean 1866 eta 1874 artean egin zituen bidaietako aurkikuntzei (besteak beste, Europan ezezagunak ziren zenbait espezieren deskribapen zientifikoei: pandarena, Aita Daviden oreinarena, urre-tximinoarena, etab.). Baina aitzinsolasean bertan Altonagak zehazten digunez, horrekin lotuta beste hainbat kontu “zoologiko, floristiko, geopolitiko, paleontologiko, lexikografiko, biogeografiko, kontserbazionista, historiko, genetiko eta abar” jorratzen dira: hau ez da inolaz ere naturari buruzko liburu-dokumentu soil bat, ezta euskal pertsonaia historiko erlatiboki ezezagun baten ohiko hagiografia ere, ondo bilbatutako gai anitzen bilduma baizik. Eta ziur nago irakurle orok (baita naturazaleak ez direnek ere) topatuko duela intereseko zer edo zer orrialde hauetan zehar.

Hala, adibide batzuk jartzearren, Aita Daviden oreinaren atalean, animalia horren eta XIX. mendeko Txinaren berri historikoak emateaz gain, egilea giltzapeko animalien berreskurapen eta hazkuntza-planen gaur eguneko problematikaz aritzen da; uso-zuhaitzaren aurkikundea esploratzaile eta geografo europarren eta inperialismoaren arteko harremanak aztertzeko parada da; pandaren “aurkikuntzaren” istorioarekin batera natur erreserben arazoak aztertzen dira, eta baita euskal hiztegiaren balizko aje eta sendabelarrenak ere (modu dotorean, baina polemikari ihes egiteko asmorik gabe); amaierako atalak Daviden azkeneko urteak kontatzen dizkigu, baina aldi berean euskal identitatearen korapiloen analisian sakontzeko aukera bilakatzen da (Folin markesa-ren laugarren kapituluarekin lotu dezakegu, beraz, hein batean behintzat). Ikus daitekeen bezala, nekez sartuko dugu liburu hau natur historiako dibulgazio soilaren kaxoi estuan.

Gai horiek guztiak interesgarri bihurtzeko modua aurkitzen du beti Altonagak, eta horretan laguntzen diote liburua hornitzen duten argazki, marrazki eta mapek (liburuaren alde grafikoa bereziki zainduta dago). Baina Altonagaren meritua ez datza soilik gai anitz horien tratamendu egokian, baizik eta baita puntuak elkarrekin harilkatzeko duen abilezian ere: antolaketa ez da batere kapritxozkoa, eta hori da, nire ustez, liburuaren zutabe sendoenetako bat, euskal saiakeraren arloan berria baita, hein batean behintzat. Ardatza, aipatu bezala, David aitaren bizitza eta bidaiak dira, ordena kronologikoan alegia, eta atal bakoitza josulagunak aztertutako edo “aurkitutako” espezie baten inguruan antolatzen da (atalak zortzi dira guztira, gehi eranskin bat). Baina ardatz horretatik abiatuta, eta modu kontzentriko batean (edo, egileak berak dioen bezala, “meandroak” eginez) abiapuntuarekin loturaren bat duten gai horiek azalduz doaz, mosaiko gero eta zabalago bat osatuz. Izan ere, Altonagak liburua “saltoka” irakur daitekeela aipatzen duen arren, hots, norberak nahi duen ordenan, uste dut (J. Cortazarren Rayuela-ri gertatzen zaion bezala) komenigarria dela autoreak proposatutako ibilbideari lotzea, liburuaren aberastasuna bere osotasunean geureganatu ahal izateko.

Edonola ere, Altonagaren idazteko modu bereziak asko zor die, egileak aitortzen duen bezala, D. Quammen eta S. Jay Gould zientzialarien dibulgazio lanei; nik Gouldenak ezagutzen ditut, eta zalantzarik gabe esan dezaket Altonagarenak ez daudela estatubatuarraren lanen mailaren azpitik. Gould bezala, Altonaga biologoa da, baina ikusmira zabalekoa, kultura handikoa alegia, historiaz, literaturaz eta beste hainbat konturi buruzko informazio aberatsa duena, eta, gainera, berezkoak dituen gaiekin txertatzen dakiena (bide batez, irudien oin-oharrak egokiak baino gehiago dira: informazio gehigarri polita eskaintzen digute, eta ustekabe gozagarri anitz).

Euskara zehatz eta aberatsa darabil Altonagak, dotorea, literatura maila handikoa; hizkuntzari egiten dizkion ekarpenak eztabaidaezinak dira. Euskara batua da, bai, baina bizkaieratik aberastutako euskara batu bat, bere helburua eraginkortasun osoz lortzen duena; aitortzen dut Koldo Zuazo irakasle izan nuenetik mania pixka bat hartu niola bizkaierari, baina Altonagarena bezalako lanek (besteak beste) betiko adiskidetu naute mendebaldeko euskararekin.

2001 urteko euskal literatura uztaren emaitzarik nabarmengarrienetako bat, beraz. Oso kontuan hartu beharko luke, nire ustez (eta ez dut esajeratzen) Euskadi Sarietako epaimahaiak… betiereko nobelitisak jota egongo ez balitz, jakina.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak