kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Dudular / Joxe Mari Iturralde / Elkar, 1984

“Dudular” Luis Gutierrez Larrea / Pamiela, 1985-03

Lehendik ezaguna bazitzaigun ere, batik bat POTT aldizkari zenean idatzitako zenbait artikulu eta ipuin zela medio, iaz kaleratu zigun bere lehen liburua, DUDULAR izenekoa. Euskal literaturaren irakurleak dagoenekoz asmatu duenez Joxemari Iturralde, Jimu-z ari gara.

Aurten, ostera, liburu berri bat plazaratu du Durangoko Azokan, oraingo honetan nobelatxo bat, eta barka bekit atzizkia zeren liburuaren luzeraz dihardut eta inolaz ere ez kalitateaz.

Gaur egun nekez aurki daiteke euskal literaturako paraje mortu honetan nobela irakurgarriren bat; gehienek euskarari gorrotoa hartzeko tresna loeragileak besterik ez baitirudite. Hemen dugu, aitzitik, nobela labur bat, aise leitzen dena —eta hau ez da gutxi— non eta autoreak kondatzen baitigu garrantzirik gabeko istorio bat, arreta handiz landutako lengoaia poetiko batez baliaturik.

Iaz, noizbait, Joseba Sarrionandiak eta Bernardo Atxagak zabaldua zuten iritzi baten aurka, Jimuk defendatzen zuen hitz-lauz idatzi beharra zegoela lehenik, hizkuntza pertsonala landuz, geroago poemak sortu ahal izateko, eta aldi berean olerki batzuk biltzen ari zela aitortzen zigun. Bere aburuz poesia zen literaturako tontorrik gorena, eta haruntz jo beharko zuten beste sail guztiak. Bide horretatik doakigu, zalantzarik ez, “Nafarroako artizarra”ren egilea. Ene uste apalean azpimarratu beharra dago, halaber, nobela honen argudioa idazleari hainbat atsegin zaizkion gorabehera historiko batzuk narratzeko, hala nola gara urrun haietako lekuak, pasadizoak, pertsonaiak eta usadioak deskribatzeko abagadune eta aitzakia besterik ez dela. Juduak, mairuak, ijitoak, kristau zaharrak, kostaldeko herri marinelak eta lehorreko baserritarrak nahasten dira Euskal Herriko arragoan, bere hizkuntzan alegia. Azken finean ez al dira ba aipatutako enda eta fedeak, edan behar ditugun kultur iturriak, euskara eta kondaira berreskuratzekotan?

Baina harira lotuz, orain mintzatuko natzaizue artikulu honen hasieran aitatu dizuedan “Dudular” izeneko ipuin bildumaz. Liburuan agertzen diren narrazio guztiak ez dira berriak. Hortxe dugu, esaterako, “Lau zaldun”, euskal literaturzaleen artean hain ezaguna izan zen “Pott Tropikala” delako ale berezian argitaratua lehendabizi, liburu hau atera baino hiruzpalau urte lehenago. Honen bertsio berri bat, komiki eran moldatuta, Pamielak plazaratu zuen, zazpigarren alean.

Ez nuke neure gustoko beste ipuin bat aipatzeke uztea, bilduma honen azkena, “Uda gau bateko ametsa”, hain zuzen ere, non biziro deskribatzen baitzaizkigu arnozaleok (eta asteburuetan gehien bat) maiz ibilitako Bilbo zaharreko edandegi berri, ilun eta zaratatsu horiek.

Nabarmen da bi liburuotan Joxemari Iturralderen zaletasun mami bat, hots, Erdi Aroko kondairarekiko zaletasuna. Lehenengoaren izenburutik hasita —Egileak epigrafetzat hartzen duen Yugoslaviako Sefardiren kanta zahar baten hitza—, gai historikoa errepikatzen da behin eta berriz liburuaren ipuin gehienetan, baita azken elaberrian ere.

Ez da ahaztekoa, bestalde, idazlea astiro-astiro eraikiz doan lengoaia poetikoa eta espero dezagun, luze gabe, argitara emango digula aspalditik prestatzen bide diharduen olerki bilduma hori. Hala bedi, guztion pozgarrirako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak